Irakaslearen gida: Eta begiak itxi zituen
1. Literatura ikasgelan proiektua
Literatura ikasgelan izeneko proiektuaren helburu nagusia literatura euskara-ikasleei hurbiltzea da, literatur testuez gozatu eta hizkuntza aberasteko. Ez da literatura edo kritika ikastaro bat, baizik eta literaturara atseginez hurbiltzeko ahalegina.
Hainbat literatur testuren lanketaren bidez (gehienetan narrazioak izango dira), literatura irakurtzea atsegina izan daitekeela eta literatur lanak irakurtzea ez dela lan aspergarri eta nekagarria erakutsi nahi da.
Honako puntu hauetan oinarritzen da proiektua:
- Literaturaren irakurketa erronka kognitiboa da, zailtasunei aurre egin eta borroka horretatik plazerra lortzea. Era askotakoa izan daiteke erronka: istorioarekin lotutakoa edota narrazioaren osagaien ingurukoa. Literatura zaleak bilatu egiten ditu erronka horiek eta horiek gainditzeko egin behar duen esfortzuak plazerra ekartzen dio, kirolariei gertatzen zaien bezalaxe.
- Literaturaren lanketak lagundu egin dezake ikasleen gaitasun komunikatiboa areagotzen. Literaturak jolastu egiten du hizkuntzarekin eta komunikazioa hizkuntzaren erabilera arrruntak ez bezalako oinarriekin lortzen du. Hizkuntzaren erabilera ezberdinek elikatu egiten dute elkar eta erabilera guzti horiek garatu egiten dute gaitasun komunikatibo orokorra.
Beraz, material hauen bitartez hainbat helburu lortu nahi ditugu:
- Literatur testuen irakurketak plazerra sortzea.
- Ulermenerako gaitasuna areagotzea.
- Testuen ezaugarriak eta antolaketa ezagutzea.
Horretarako, ondorengo prozedurak erabiliko ditugu:
- Narrazio bakoitzaren osagai testualen analisia.
- Osagai bakoitzaren erabilera arrunta eta erabilera literarioa.
- Erabilera literario horrek ulermenean duen eragina.
Hona hemen lanketarako aukeratu ditugun narrazioaren osagaiak:
- Ikuspuntua eta narratzailea
- Pertsonaiak
- Denbora
- Lekua
- Istorioa
Aldian-aldian argitaratuko dugu atal berria.