Irakaslearen gida: Eta begiak itxi zituen
Gunea: | Santurtziko Udal Euskaltegia |
Ikastaroa: | Literatura ikasgelan |
Liburua: | Irakaslearen gida: Eta begiak itxi zituen |
Nork inprimatua: | Gonbidatua |
Data: | Thursday, 2024(e)ko Novemberren 21(e)an, 13:27(e)tan |
Deskribapena
Eta begiak itxi zituen ipuinaren lanketarako gida didaktikoa
1. Literatura ikasgelan proiektua
Literatura ikasgelan izeneko proiektuaren helburu nagusia literatura euskara-ikasleei hurbiltzea da, literatur testuez gozatu eta hizkuntza aberasteko. Ez da literatura edo kritika ikastaro bat, baizik eta literaturara atseginez hurbiltzeko ahalegina.
Hainbat literatur testuren lanketaren bidez (gehienetan narrazioak izango dira), literatura irakurtzea atsegina izan daitekeela eta literatur lanak irakurtzea ez dela lan aspergarri eta nekagarria erakutsi nahi da.
Honako puntu hauetan oinarritzen da proiektua:
- Literaturaren irakurketa erronka kognitiboa da, zailtasunei aurre egin eta borroka horretatik plazerra lortzea. Era askotakoa izan daiteke erronka: istorioarekin lotutakoa edota narrazioaren osagaien ingurukoa. Literatura zaleak bilatu egiten ditu erronka horiek eta horiek gainditzeko egin behar duen esfortzuak plazerra ekartzen dio, kirolariei gertatzen zaien bezalaxe.
- Literaturaren lanketak lagundu egin dezake ikasleen gaitasun komunikatiboa areagotzen. Literaturak jolastu egiten du hizkuntzarekin eta komunikazioa hizkuntzaren erabilera arrruntak ez bezalako oinarriekin lortzen du. Hizkuntzaren erabilera ezberdinek elikatu egiten dute elkar eta erabilera guzti horiek garatu egiten dute gaitasun komunikatibo orokorra.
Beraz, material hauen bitartez hainbat helburu lortu nahi ditugu:
- Literatur testuen irakurketak plazerra sortzea.
- Ulermenerako gaitasuna areagotzea.
- Testuen ezaugarriak eta antolaketa ezagutzea.
Horretarako, ondorengo prozedurak erabiliko ditugu:
- Narrazio bakoitzaren osagai testualen analisia.
- Osagai bakoitzaren erabilera arrunta eta erabilera literarioa.
- Erabilera literario horrek ulermenean duen eragina.
Hona hemen lanketarako aukeratu ditugun narrazioaren osagaiak:
- Ikuspuntua eta narratzailea
- Pertsonaiak
- Denbora
- Lekua
- Istorioa
Aldian-aldian argitaratuko dugu atal berria.
1.1. Hartzaileak
Hainbat izan daitezke hartzaileak:
- Europako Erreferentzia Markoaren C1 mailako ikasleak. Dakigunez, C1 maila EGA, HABEren hirugarren maila edo IVAP-HAEEko hirugarren hizkuntz eskakizunarekin parekatzen da.
- Batxilergoko ikasleak
1.2. Erabilera
Ikas-material hauek literatur testu batzuen lanketarako proposamenak dira. Materialak lau ataletan daude egituratuta:
1. Egilea
Egilearen inguruko hainbat argibide eskainiko dira eta ikasleei informazio hori osatzeko eskatuko zaie foro baten bitartez.
2. Ipuinaren irakurketa
Hauxe da gai bakoitzean bloke nagusia. Proiektu honen helburuari jarraiki, bi irakurketa-mota eskatuko zaizkio ikasleari. Lehehengoan, ipuina izango du ikasleak bere horretan irakur dezan. Izango dituen arazoak aurreikusita, bigarrenean irakurketa gidatua eskaintzen zaio. Bloke nagusi hau irakurri bitarteko iruzkinak (arazoak, iritziak, usteak...) egiteko foro batekin osatzen da.
3. Ipuina irakurri ondoren
Irakurketa-prozesua eta lortutako emaitza aztertzeko foro bat proposatzen da atal honetan. Bestalde, molde bereko beste lan batzuk (irakurgai, filma...) eskainiko zaizkio ikasleari aztertutakoan sakon dezan.
4. Material osagarriak
Bigarren atala (ipuinaren irakurketa) aberastera eta kontestualizatzera dator. Hainbat baliabide eskainiko dira bertan gaiarekin, baliabide diskurtsiboarekin... lotuta. Hauen erabilera aukerakoa da eta beste batzuk erabil daitezke horien ordez.
Jakina, hauek ez dira hurrenez hurren erabili beharreko ikas-unitate itxiak. Are gehiago, komeniko litzateke irakasleak tokian tokiko erralitatera egokitzea, eta hartara, ariketa batzuk aldatu, kendu, bestelakoa gehitu... bere ikasleen beharrei erantzute aldera.
Ikas-material hauek erabiltzeko, ikastaroa jaitsi egin behar da, zatika edo osorik, eta nork bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili.
1.3. Formatua
Literatura ikasgelan proiektua osatzen duten ikas-materialek Moodle plataformaren ikastaro-formatua dute. Ikastaroa gaika antolatuta dago: literatur testu bakoitzak gai bat hartuko du.
Ikastaroa osorik edo gaika jaitsi daiteke eta aurreko atalean esan bezala, erabili nahi duenak jaitsi ondoren bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili behar du. Santurtziko Udal Euskaltegiaren gune honetan ez da ikastaroa emateko modurik izango.
Ondokoak dira betekizun teknikoak:
- Moodle-ren 2.0 bertsioa derriogorrezkoa da
- Ikastaroko fitxategiak bilgunea gaituta egon behar da
- Book edo liburua modulu ez-estandarra instalatuta egon behar da
Horrez gain, .odt nahiz .pdf formatuetan ere eskura daitezke.
Materialak hemen jaitsi ahal dira.
1.4. Orain arteko ikas-materialak
1. Merke merke. Xabier Mendiguren
Ipuin honen lanketan narratzaile-aldaketa izan da gakoa.
2012ko urtarrilean argitaratu genuen.
2. Eta begiak itxi zituen. Xabier Etxaniz
Ipuin honetan pertsonaia ezkutatzea da gakoa.
2012ko otsailean argitaratu genuen.
2. Eta begiak itxi zituen
Eta begiak itxi zituen Xabier Etxanizek idatzitako ipuina da. 2000ean argitara emandako Begiak itxi eta kitto liburua osatzen duten ipuinetako bat.
2.1. Ipuinaren ezaugarriak
Eta begiak itxi zituen zailtasun handirik gabeko ipuina da. Idazleak irakurleen aurreiritzi eta usteak baliatzen ditu bukaeran ezustekoa emateko.
Sexu-harreman bateko bi partaide erakusten ditu eta lehenengoa emakumea dela adierazten du ezplizituki. Bigarrenaren sexua ez du aipatzen irakurleek gizonezkoa dela pentsatuko dutela jakinda.
Azken paragrafoan adierazten du bigarrena ere emakumea dela eta harreman lesbikoaren aurrean uzten du irakurlea. Horrek, jakina, zer pentsatua sortzen du norberaren uste eta aurreiritzien gainean.
2.2. Lanketa
Honako jarduera hauek proposatu ditugu:
Egilea
- Zer dakizu Xabier Etxanizez?
Foro honen bidez lan kolaboratiboa bultzatu nahi dugu. Ikaslearen interesa piztu nahi dugu han-hemenka aurkitutako informazioa gainontzekoekin konparti dezan.
Teknikoki gogoratu nahi dugu Foro hau eztabaia arrunt bakarra motakoa dela. Horregatik, ikastaroa norberaren plataforman berreskuratu ondoren, ezarpenak editatu behar dira (ikastaroa > foroa editatu > ez da behar ezer aldatzea > gorde eta erakutsi. Hau eginez gero, mezuaren bidaltzailea editatu duena izango da.
Ipuinaren irakurketa
- Eta begiak itxi zituen ipuina irakurri
Ipuina eskaintzen zaio bere horretan ikasleari irakur dezan. Inongo laguntzarik gabe. Gure hipotesiaren arabera, ikasleak oker irudikatuko du pertsonaia bat; argi dago pertsonaietako bat neska dela baina bigarrena mutila dela pentsatuko du. Bukaerara arte ez du jakingo bigarren pertsonaia hori ere neska dela. Hortaz jabetzean konturatuko da idazleak zein joko erabili duen ipuinean zehar irakurlea "engainatuta" izateko eta horrek ere literaturarekiko zirrara sentitzen lagunduko dio.
- Irakurri bitarteko iruzkina izeneko foroa
Foro honetan plazaratu nahi ditugu ipuina irakurri bitartean eta irakurritakoan ikasleak izan dituen zailtasunak, sentitu duena, gustuko izan duena... Ikasleak egindakoa eta lortutakoaren irudi bat egin nahi dugu aurrerantzean egin beharreko lana definitzen laguntzeko.
- Irakuketa gidatua
Lehen irakurketan hartutako sorpresaz jabetzeko irakurketa gidatua eskainiko zaio ikasleari. Bertan idazleek garatzen dituzten jokoak identifkatzen erakutsi nahi diogu. Helburua hauxe da: literatur-testuak dituen ezaugarriak gainditzeak plazerra sortzen duela ikustaraztea.
Ipuina irakurri ondoren
- Zer deritzozu ipuinari?
Bertan ikasleen iritzia jaso nahi dugu, bai ipuinari buruzkoa bai egindako lanari buruzkoa. Horren oinarri argitaratutako kritika bat izango da.
- Era honetako beste batzuk
Ikasleak testuaren ezaugarri bera duten beste testu edo filma batzuk izango ditu eskura gustuko izan badu horiekin atsegin hartzeko edota erabilitako teknika probatzen jarraitzeko.
Material osagarriak
- Bil ditzagun hitz ezezagunak
- Lesbianak, ia ikusezinak
Teknikoki, ariketa-sekuentzia hau Moodle 2.0ren osaketa eta eskuragarritasun funtzioez baliatzen da. Behar bezala funtzionatzeko, honako ezarpen hauek gaitu behar dira:
Gunean: gunearen kudeaketa > funtzio aurreratuak > osaketaren jarraipena gaitu > BAI eta baldintzatutako eskuragarritasuna gaitu > BAI
Ikastaroan: ezarpenak > ezarpenak editatu > ikaslearen aurrerapena > Gaituta, osaketa eta jardueren ezarpenetatik kontrolatua
Hori eginda, kontuan hartu behar da ikasleak ariketa batetik hurrengora pasatzeko, baldintzaren bat bete beharko duela: hasierako orria ikusi egin behar du eta bi foroetara bina mezu bidali behar ditu. Horiek egin ezean, ez zaio hurrengo baliabidea erakutsiko.
Zer dakizu Xabier Etxanizez izeneko foroaren antzekoak dira sekuentzia honetako foroak (eztabaida arrunt bakarra motakoak). Horregatik, komeni da ezarpenak editatu eta berriz gordetzea bidaltzailearen izena aldatzeko.
Didaktikoki, sekuentzia honek irakurlearen aurre-ezagutzak aktibatu nahi ditu, bi mailatan: batetik, irakurlearen uste eta iritzi-sistema arakatu nahi du, eta bestetik, irakurri aurreko hipotesi sortzaileak egitera bideratu nahi du irakurlea. Sekuentziaren amaieran ikasleari galdetu egingo zaio irakurtzean jarraitutako prozesuari buruz hausnarketa bultzatutuz.
- Mujer contra mujer
Mecano musika-taldearen kantu ezagunaren letra itzultzeko proposatzen da ariketa honetan