Irakaslearen gida: Eta begiak itxi zituen
1. Literatura ikasgelan proiektua
1.2. Erabilera
Ikas-material hauek literatur testu batzuen lanketarako proposamenak dira. Materialak lau ataletan daude egituratuta:
1. Egilea
Egilearen inguruko hainbat argibide eskainiko dira eta ikasleei informazio hori osatzeko eskatuko zaie foro baten bitartez.
2. Ipuinaren irakurketa
Hauxe da gai bakoitzean bloke nagusia. Proiektu honen helburuari jarraiki, bi irakurketa-mota eskatuko zaizkio ikasleari. Lehehengoan, ipuina izango du ikasleak bere horretan irakur dezan. Izango dituen arazoak aurreikusita, bigarrenean irakurketa gidatua eskaintzen zaio. Bloke nagusi hau irakurri bitarteko iruzkinak (arazoak, iritziak, usteak...) egiteko foro batekin osatzen da.
3. Ipuina irakurri ondoren
Irakurketa-prozesua eta lortutako emaitza aztertzeko foro bat proposatzen da atal honetan. Bestalde, molde bereko beste lan batzuk (irakurgai, filma...) eskainiko zaizkio ikasleari aztertutakoan sakon dezan.
4. Material osagarriak
Bigarren atala (ipuinaren irakurketa) aberastera eta kontestualizatzera dator. Hainbat baliabide eskainiko dira bertan gaiarekin, baliabide diskurtsiboarekin... lotuta. Hauen erabilera aukerakoa da eta beste batzuk erabil daitezke horien ordez.
Jakina, hauek ez dira hurrenez hurren erabili beharreko ikas-unitate itxiak. Are gehiago, komeniko litzateke irakasleak tokian tokiko erralitatera egokitzea, eta hartara, ariketa batzuk aldatu, kendu, bestelakoa gehitu... bere ikasleen beharrei erantzute aldera.
Ikas-material hauek erabiltzeko, ikastaroa jaitsi egin behar da, zatika edo osorik, eta nork bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili.