1.3 Testu-bildumetan hitzen erabilera aztertzen: KWIC teknika

Ikasleek idatzi dituzten testuei buruzko feedbacka emateko, interesgarria izan daiteke ikasleek ataza zehatz batean hizkuntza-forma jakin bat nola erabili duten aztertzea. Bilatzen ari garen hitz-gako horren testuingurua (Key Word in Context edo KWIC) irakurtzea oso baliagarria izan daiteke irakaslearentzat ikasleek forma jakin bat nola erabiltzen duten aztertzeko eta bere feedback zuzena emateko.

Hauxe duzue KWIC horren adibidea "ere" hitza bilatu dugu 12 ikasleren testuetako ere guztiak bildu eta gako-hitzaren eskumako testuingurua alfabetikoki ordenatu dugu, erabilera berekoak nolabait biltzearren:  

Ikaslea Ezkerreko testuingurua
Gako-hitza
Eskuma

8 naiz baina oso txarra naiz ere . Santurtzin bizi naiz senarra eta

3 horia da. Oso polita da ere . Bihurria da. Irakurtzea gustatzen zaio

4 deitzen naiz, Portugaletekoa naiz, hala ere , Santurtzin bizi naiz nire familiarekin

4 oso zaila izan zen hala ere , orain pentsatzen dut munduko onena

2 batera joaten gara oporretan. Hala ere , ez da berdina, bidai hauek

4 nire lagunik onena eta batez ere nire senarra. Hura informatika ikasten

4 horregatik hemen egon naiteke batez ere nire alabarekin euskaraz hitz egiteko

4 mendia nahiago dut baina hondartzara ere joatea gustatzen zait. Orokorrean udan

10 guztatzen zait. Erakurtzea guztatzen zait ere bai. Normalean zazpiak laurden gutxiagotan

8 eta azkarrena da. Oso gogotsu ere bai. Hark esaten du handi

4 udan joaten naiz baina neguan ere bai, bainatu gabe noski baina

10 lotara joaten dira. Eta ni, ere bai


KWIC hori irakasleak aztertzeko egokia izan badaiteke ere, irakasleak hitz-gako horri buruzko informazioa azaldu edo zabaldu badu, berak KWIC bat prestatu eta ikasleek euren artean zuzentzeko ataza gisa proposa lezake. Horixe izango da hain zuzen ere zuen lehen ataza:

Aztertu KWIC horretan klase honetan "ere" partikula nola erabili duten ikasleek eta zuk zer feedback emango zenieekeen.


Beharbada lagungarri dakizuke honako galdera: Zure ustez balizko klase horretan "ere" partikula landu beharko lukete? Zuk atera dituzun datuak edo ondorioak kontuan izanda "ere" partikula lantzeko zein jarduera proposatuko zenuke? Lotzerik badago, ikastunitearekin?


OHARRA:

  • Teknika hori oso baliagarria da gauza guzti hauetarako gramatika arauak eta gako-hitz baten hizkuntza erabilera zehazteko. Esaterako, diskurtso-markatzaile baten ondoren eta aurretik zein puntuazio ikur erabiltzen den jakiteko edo gako-hitzaren adibide errealak emateko eta ez erabilerak asmatzeko.