Itxura eta edukia

3. Moodle

Moodle ikasteko ingurune birtuala da, gaur egun oso ezaguna eta erabilia. Bertan ikastaroak aurkituko ditugu eta 2.0 bertsiotik aurrera itxura asko arindu bazen ere, orokorrean Moodle "espartarra" dela esan dezakegu.

Moodle-ren ezaugarri didaktikoak nahiz teknikoak alde batera utzita, beti egin izan zaio kritika diseinuaren aldetik: Moodle zatarra da, itxura txarrekoa. Hiru zutabe, bloke gehiago edo gutxiago, kolore ia bakarrekoa... horixe izan da gehienetan eta gehienontzat Moodle.

Labur-labur aztertuko dugu hau ikastaro honetan:

  • Zatarra: ez du laguntzen

Erakargarritasuna ikaskuntza erraztu eta areagotzeko faktore bat da ikerketa askok frogatu duten bezala. Eta kontrakoa, erakargarri ez denak zaildu egiten du ikastea.

  • Itxura baino ez duten ikastaroak

Aurrekoaren eraginez, itxura eta itxurakeria baino ez diren ikastaro asko sortu izan dira. Flash Player eta horrelakoekin egindako ikastaro asko, interaktibo izenekoak askotan, sartu digute begietatik. Ikaskuntza aldetik aztertuta, ordea, hutsak izan dira. Ez dute ikasprozesurik planteatu, ez dute helburu eta bitartekorik ezarri eta lortu nahi izan den bakarra ikaslearen atsegina izan da.

  • Edukia baino ez duten ikastaroak

Beste batzuk, berriz, seriotasunean ipini dute indarra eta atsegin eta eragargarritasun izan litekeen guztia alboratu egin dute. Ustez ikaskuntza areagotu nahiean ikaslea uxatu egin dute lehorkeria proposatuz.