Itxura eta edukia

Gunea: Santurtziko Udal Euskaltegia
Ikastaroa: Moodle-ren itxura hobetzeko trikimailuak
Liburua: Itxura eta edukia
Nork inprimatua: Gonbidatua
Data: Thursday, 2024(e)ko Novemberren 21(e)an, 15:16(e)tan

Deskribapena

Jarraian Moodle erabilita ikastaro baten diseinua egiteko momentuan kontuan hartu behar genituzkeen hainbat alderdi azalduko ditugu.

1. Hitz gakoak

2. Planteamendua

On-line ikaskuntzak dituen, sortzen dituen edo eragiten dituen konplexutasunen artean diseinu edo itxurarena ez da txikiena. Duela urte batzuk erabiltzen genituen testu-liburuak eta gaur egungoak konparatzen baditugu, berehala konturatuko gara ikaskuntza bera ulertzeko moduan gertatu den aldaketa handia izan dela baina ez txikiagoa egin beharrekoa aurkezteko moduan gertatutakoa.

IKTak erabilita eta, guri dagokigunez, Moodle erabilita planteatzen diren ikastaroetan ere berebiziko garrantzia hartuko du itxurak. Itxurarekin lotuta daude hainbat eta hainbat trikimailu, itxura hobetzeko erabiliko ditugunak eta neurri batean, ikaskuntza erraztu egingo dutenak.

3. Moodle

Moodle ikasteko ingurune birtuala da, gaur egun oso ezaguna eta erabilia. Bertan ikastaroak aurkituko ditugu eta 2.0 bertsiotik aurrera itxura asko arindu bazen ere, orokorrean Moodle "espartarra" dela esan dezakegu.

Moodle-ren ezaugarri didaktikoak nahiz teknikoak alde batera utzita, beti egin izan zaio kritika diseinuaren aldetik: Moodle zatarra da, itxura txarrekoa. Hiru zutabe, bloke gehiago edo gutxiago, kolore ia bakarrekoa... horixe izan da gehienetan eta gehienontzat Moodle.

Labur-labur aztertuko dugu hau ikastaro honetan:

  • Zatarra: ez du laguntzen

Erakargarritasuna ikaskuntza erraztu eta areagotzeko faktore bat da ikerketa askok frogatu duten bezala. Eta kontrakoa, erakargarri ez denak zaildu egiten du ikastea.

  • Itxura baino ez duten ikastaroak

Aurrekoaren eraginez, itxura eta itxurakeria baino ez diren ikastaro asko sortu izan dira. Flash Player eta horrelakoekin egindako ikastaro asko, interaktibo izenekoak askotan, sartu digute begietatik. Ikaskuntza aldetik aztertuta, ordea, hutsak izan dira. Ez dute ikasprozesurik planteatu, ez dute helburu eta bitartekorik ezarri eta lortu nahi izan den bakarra ikaslearen atsegina izan da.

  • Edukia baino ez duten ikastaroak

Beste batzuk, berriz, seriotasunean ipini dute indarra eta atsegin eta eragargarritasun izan litekeen guztia alboratu egin dute. Ustez ikaskuntza areagotu nahiean ikaslea uxatu egin dute lehorkeria proposatuz.

4. Itxura

Itxura eta diseinuaren azken helburua hauxe da: ikasleek garatu beharreko ikas-prozesuak hobetzen laguntzea, ikaskuntzari eraginez. Aurreko atal batean azaldu dugunez, ikaskuntzarako ingurunea erakargarria izateak lagundu egingo du eta ikasleari eta irakasleari erosotasun eta atsegin berezia eskainiko diote berez neketsua den lana egiteko. Lan neketsu hori inguru itsusi eta desatseginean egiteak areagotu egingo luke nekea.

Arriskua dago, ordea, itxurakerian geratzeko. Ikaskuntzak prozesu kognitiboak ipintzen ditu abian eta horretan lagungarri den guztiak abantaila ekarriko du baina inongo buru-eragiketarik eskatzen ez duen "azaleko edertasunak"  hutsa baino ez du estaltzen.

Bestalde, gordinkeria izan daiteke beste arrisku bat. Horixe leporatu izan zaio gehienetan Moodle-i, gordinegia, lehorregia izatea, alegia.

5. Printzipioak

Edozein ikastarok ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz dugun ustea irudikatuko du. Nola ikusten ditugun bi prozesu horiek nabarituko dira erakusten dugun ikastaroan.

Horretaz gain, erakusteaz gain alegia, indartu egingo du garatu nahi dugun prozesua erabiltzen dugun itxurak eta formak. Horren adibide dira ondorengo koadroan agertzen direnak:

Ikaskuntza Itxura
Ikaslearen protagonismoa

ikasleari ikasi beharrekoa ordena jakin batean aurkeztu

Diseinuak arreta erakartzen du

Arretari eusteko zailtasuna dosifikatu beharra
Estimuluen dispertsioa estimuluak zenbatekoak

Ikaslea bada ikaskuntza-prozesuaren protagonista, ikasleari erraztu egin beharko litzaioke ikastaroan zehar egin beharreko ibilbidea. Horretara datoz, adibidez, ordenaren beharrak eta diseinu bidezko arreta erakartzeko ahalegina.