Ohar batzuk ebaluazioaz

4. Ebaluazio-motak

4.3. Behaketa-ebaluazioa

Behaketa honela definitu du Casanovak (1997, Briz-ek aipatua, op.cit.):

La observación consiste en el examen atento que un sujeto realiza sobre otro o sobre determinados objetos y hechos, para llegar al conocimiento profundo de los mismos mediante la observación de una serie de datos generalmente inalcanzables por otros medios.

Behaketa jokaera kontzientea izateaz gain, helburua da hipotesiak formulatu edo baieztatu ahal izateko datuak jasotzea.

Behaketak subjektuen berezko jokaeren bat-batekotasuna errezten du. Gainera, egoera jakin batzuetan erabil daitekeen teknika bakarra da, eta gainera, beste teknikez lortu ezinak diren datuak jaso daitezke: egoera afektiboak, jokabideak, ohiturak, interakzio-prozesuak, curriculum ezkutua, jokabideen ondorioak...

Ebaluazio kuantitatiboak denbora luzea eskatzen du proba estandarizatuak sortzeko beharrezko eredu teorikoak eratzeko. Behaketa-ebaluazioak, berriz, azkar planifika daiteke.

Behaketa egiteak zenbait eskakizun dauka (Etxague, 1994: 323):

Sistematikotasuna

Behaketaren xede eta garapen-jarduera nagusiak zehazki planifikatu behar dira:

  • Zer behatu behar den: testuingurua, pertsona(k) edo taldea(k), gertaera(k), portaera(k), estrategiaren bat, ondorioak...
  • Zein baldintzetan burutu behar den: espazioa, espazioaren barruko gunea, iraupen denbora, behatzaile kopurua. Behatzaileak jakin behar du testuinguruan kokatzen: datu gehien jasotzea errazten duen eta, aldi berean, ohiko jarduera gutxien eragozten duen lekua.
  • Datuak erregistratzeko erabili beharreko tresna(k).

Utzikeria eta inprobisazioa ekidin behar da.

Objektibotasuna

Behaketa-jarduerak deskribatzailea izan behar du, balioztapenik edota interpretapenik gabe. Zenbaitetan balioztapen edo interpretapen hauek beharrezkoak izan daitezke; kasu hauetan oso ongi bereizi behar dugu zeintzuk diren behaketari dagozkion datuak, eta zeintzuk diren balioztapenak, interpretazioak edo bestelako iritziak.

Kontutan hartu behar dugu teknika honek oso errez jasan dezakeela behatzailearen subjektibotasunaren sesgoa (aurreiritziak, interes pertsonalak...). Beraz jarduera teknikoaren bidez arrisku hau kontrolatzen saiatu behar da. Gomendagarria da behatzailearen kanpoko kontrola izatea. Hots, behatzailearen irizpideak kanpoko agente batekin kontrastatzea.

Testuinguruaren kokapena

Behaketa-datuak bere testuinguruan kokatu behar ditugu inguruari atxikitako datuek eskaintzen duten adierazgarritasuna lortzeko. Argiketa hau beharrezkoa dugu, behaketak adierazten dituen gertaerak bere osotasunean ulertzeko.

Adierazgarritasuna

Behatzaileak jasotzen dituen datuek aldez aurretik finkatutako behaketa objektuaren adierazpena izan behar dute. Hau da, behatzaileak aldameneko eta adierazgarritasunik gabeko gertaerak baztertu behar ditu, esanguratsuak diren gertaeretan arreta osoa jarriz. Behaketa-objektuari atxikitako arreta-uneak bereizi behar ditu.

Osagarritasuna

Guztiz gomendagarria da behaketak eskaintzen dituen datuak beste tekniken bidez jasotakoekin kontrastatzea eta osatzea (triangulaketa). Era berean informazio-iturriak edo/eta behaketa-uneak triangelatzea beharrezkoa izan daiteke.

Fidagarritasuna

Eskakizun hau erregistraturiko datu kopuruarekin lotuta dago. Behaketa objektuari buruz zenbat eta datu gehiago jaso, zenbat eta egoera gehiago behatu orduan eta fidagarriagoa izanen da eginiko lana. Halaber, zenbat eta behatzaile gehiago izan orduan eta aberatsagoa (fidagarriagoa) da. Prozedura hau, behatzaileen triangulaketa alegia, zenbaitetan beharrezkoa izan daiteke. Hala nola behaketa-objektua eskas definitzen denean, edo behatzailearen subjektibotasunak eragin dezakeenean.

Ebaluatzaileak behaketaren bidez jaso nahi duen errealitateari buruzko datuak nola erregistratu erabaki behar du. Batetik, NOIZ jaso behar duen erabaki behar du. Alegia, behatzen ari den gertaera garatzen ari den bidenabar, edo gertaera burutu ondoren, testuinguru ezberdin batean. Lehengo kasuan behatzailearen jarduera erregistratzaileak gertaeraren berezkotasuna galeraz dezake. Eta, bestalde, behatzaileak erregistratzeko egiten duen ahalegina dela medio, hainbat datu gal ditzake. Ordea, gertaera burutu arte itxaroteak berezkotasunik ez galtzen lagun dezake, baina ebaluatzaileak datu adierazgarriak ahaz ditzake. Nahiz eta erregistratzeko gertaera burutu arte itxaron, gomendagarria da ohar edo hitz gako adierazgarri batzuk apuntatzea, erregistratzerakoan datuen adierazgarritasunik ez galtzeko. Noski, behaketa burutu ondotik, erregistratze lana ahalik eta azkarren egin behar da.

Bestetik, NOLA erregistratu behar duen erabaki behar du. Tresnarik erabilgarrienak aurrerago azalduko ditugu.

Behaketa-ebaluazioaren esparrua, aurrerago ikusiko dugunez, ez da ikasleen eremura bakarrik mugatzen. Formazioari begira, irakasleen jardunaren gaineko behaketa balio handiko tresna izan daiteke.