Itxura eta edukia
4. Itxura
Itxura eta diseinuaren azken helburua hauxe da: ikasleek garatu beharreko ikas-prozesuak hobetzen laguntzea, ikaskuntzari eraginez. Aurreko atal batean azaldu dugunez, ikaskuntzarako ingurunea erakargarria izateak lagundu egingo du eta ikasleari eta irakasleari erosotasun eta atsegin berezia eskainiko diote berez neketsua den lana egiteko. Lan neketsu hori inguru itsusi eta desatseginean egiteak areagotu egingo luke nekea.
Arriskua dago, ordea, itxurakerian geratzeko. Ikaskuntzak prozesu kognitiboak ipintzen ditu abian eta horretan lagungarri den guztiak abantaila ekarriko du baina inongo buru-eragiketarik eskatzen ez duen "azaleko edertasunak" hutsa baino ez du estaltzen.
Bestalde, gordinkeria izan daiteke beste arrisku bat. Horixe leporatu izan zaio gehienetan Moodle-i, gordinegia, lehorregia izatea, alegia.