Sintaxia
2. Erlatibozko perpausak
-(e)N
Erlatibozko perpausen ezaugarri nagusia hauxe da: bi perpaus lotu nahi ditugu bi esaldietan errepikatzen den hitzaren bitartez. Batzuetan hitz hori agerikoa da eta beste batzuetan susma daiteke zein den zentzuari begira
- Liburu bat irakurri dut; oso ona iruditu zait LIBURU hitza dago bi esaldietan eta beraz: Irakurri dudaN LIBURUA oso ona iruditu zait
- Kontua da askotan errepikatzen den hitz horrek funtzio desberdinak betetzen dituela perpausa bakoitzean. Orduan, nola deklinatu? Beti nagusiaren arabera:
- Liburu bat irakurri dut; bertako irudiak oso argigarriak iruditu zaizkit
- Bigarren esaldian LIBURU hitza NONGO kasuan dagoenez:
- Irakurri dudaN LIBURUKO irudiak oso argigarriak iruditu zaizkit
BAINA euskaraz ezin ditugu esaldi guztiak josi -(e)N erabilita. Desagertzen den kasuak beti nonbait geratu behar du, adibidez aditzean. Horregatik, -N egiturarekin josteko, konbinazioak honelakoa izan behar du:
Bi perpausetan DEKLINABIDE KASU BERA:
- Mutil batekin etorri naiz gaur, ba berarekin ezkonduko naiz:
- Gaur etorri naizEN mutilAREKIN ezkonduko naiz
Menpeko perpauseko hitza NOR, NORI edo NORK kasuan egotea:
- Ikasle bati utzi diot liburua; berarekin geratuko naiz arratsaldean eta itzuliko dit
- Liburua utzi diodaN ikasleAREKIN geratuko naiz arratsaldean eta itzuliko dit
Bi hitzak LEKUZKO KASUETAN egotea, zentzua garbi geratzen bada, behintzat:
- Azalpena liburu batean irakurri dut; liburu horretatik atera ditut irudiak
- Azalpena irakurri dudaN LIBURUTIK atera ditut irudiak
Norekin, nortaz, norengatik deklinabide-kasuekin -(e)N mantentzea ez da egoki ikusten. Honen aurrean zer egin?
a) Esaldiari buelta eman (ahal bada)
- Haserretu zaren andreak jenio txarra du. >>Zurekin haserretu den andreak...
b) Edo aditza aldatu:
- Hitz egin duzuen mutila oso jatorra da. >> Aipatu duzuen mutila oso jatorra da
c) Edo “zein” deklinatua erabili:
- Andreak, zeinekin haserretu zaren, oso jenio txarra du
Dena den, -(e)N hori manten daiteke gero datorren izena -N horren azpian dagoen kasu berean jarri behar badugu.
- Haserretu zaren andrearekin bakeak egin behar dituzu
- Hitz egin duzuen mutilaz maiteminduta nago
EZEZKO ESALDIEN ORDENA
Ezezko esaldietan aditz nagusia eta beste osagaiak aurrean jartzen dira eskema honen arabera:
- irakurri duteN liburua
- irakurri EZ duteN liburua
Hona hemen adibide batzuk:
- Gidabaimenik EZ duten gidari batzuk harrapatu dituzte udaltzainek
- Ulertzen EZ dudana irakasleari galdetzen diot
- Gustatzen EZ zaizkion arrainak ez ditu jaten