Puntuazioa
2. Komaren erabilera
Irakurketan egin behar den pausa laburra edo txikia markatzeko erabiltzen da koma. Honako kasu hauetan erabiltzen da batik bat:
1. Enumerazioetan, esaldiaren bi zati edo gehiago bereizteko, mota berekoak direnean eta segidan doazenean. Adibidez:
- Gaur goizean, azokan, harategian, arrandegian eta okindegian izan naiz
- Etxean sartu, arropa aldatu, musika jarri eta sofan etzan zen
- Sagarrak, madariak, laranjak, eta abar jan behar ditugu
2. Menpeko perpausak (baldintzazkoak, denborazkoak...) perpaus nagusiaren aurretik doazenean eta galdegai eza direnean. Adibidez:
- Mendira joateko, 4x4 bat erosi zuen (helburuzko perpausa nagusiaren aurrean dago)
- Nahi baduzu, neuk egingo dut. (baldintzazko perpausa nagusiaren aurrean dago)
- Bera heldu zenean, gu afaltzen ari ginen (denborazko perpausa nagusiaren aurrean dago)
- Nahiz eta dirurik ez daukadan, ondo bizi naiz (perpaus kontzesiboa nagusiaren aurrean dago)
- Amak irakatsi zidan bezala, porru apur bat gaineratu nion saltsari (
moduzko perpausa nagusiaren aurrean dago)
Galdegai direnean edo atzean jartzen direnean, ordea, ez da komarik jartzen. Adibidez:
- Neuk egingo dut nahi baduzu (kasu honetan, menpeko perpausa nagusiaren atzean doa)
- Ondo bizi naiz nahiz eta dirurik ez daukadan (perpaus kontzesiboa nagusiaren atzean dago)
- 4x4 bat erosi zuen mendira joateko (menpeko perpausa nagusiaren atzean dago)
- Mendira joateko erosi zuen 4x4 bat (menpeko perpausa galdegaia da: zertarako erosi zuen?)
- Bera heldu zenean konturatu ginen (menpeko perpausa galdegaia da: noiz konturatu ginen?)
3. Deikia edo bokatiboa koma artean jartzen da. Adibidez:
- Mikel, ekar itzazu oinetako horiek
- Aizu, Itziar, zatoz lehenbailehen
- Kaixo, mutilok, hemen nauzue!
4. Perpaus baten barruan, esandakoa argitzeko edo osatzeko beste esaldi bat tartekatzen denean, kontaera nagusia ebakitzen duen esaldi hau koma artean jartzen da. Adibidez:
- Koldo, Maiteren anaia, etxera joan da.
- Maite, besteak ez bezala, berehala etorri da laguntzera
- Zuk diozun hori, oker ez banago, orain dela urtebete gertatu zen
Azalpenezko esaldia amaiera doanean ere, komaz bereizten da. Adibidez:
- Maite berehala etorri da laguntzera, besteak ez bezala
- Ohar bat utzi nion, ez nintzela etorriko esanez
5. Zenbait juntagailu eta lokuzio, aposizioan erabili ohi direnak. Homa hemen taula bat formarik erabilienekin:
ordea ostera aldiz berriz |
dirudienez antza (denez) itxura (denez) nonbait |
beraz hortaz horregatik hori dela eta |
dena dela dena den hala ere hala eta guztiz (ere) |
gainera bestalde horrez gain horretaz aparte |
egia esan egia esanda egia esateko hobeto esan(da) |
hau dfa alegia hots bestela esanda |
askotan batzuetan maiz sarri(tan) |
adibidez esaterako esate baterako |
hain zuzen ere hain juxtu |
azkenean azkenik amaitzeko |
azken finean azken batean |
orduan ba (bada) |
berez izatez |
nire ustez nire iritziz |
batez ere bereziki |
Adibidez:
- Ezin naiz joan. Gaur, gainera, itxita dago
- Hau, adibidez, ondo dago
- Horrek, beraz, ez du balio
- Hau, hain zuzen ere, ondo dago
6. BAI eta EZ bat baino gehiago izanez gero, koma jarriko dugu.
Adibidez:
- Ez zegoen ez ogirik, ez ardorik, ez ezer
- bai hau, bai hori, bai bestea txarto daude
7. Aditzaren elipsia egiten denean ere, koma jartzen da.
Adibidez:
- Idazkariak zortzi telefono-dei jaso ditu; idazkari-laguntzaileak, bost; eta menpekoak, hamar.
- Nolako zura, halako ezpala
8. BAINA juntagailuaren aurrean koma (edo puntu eta koma) jarri behar da beti.
Adibidez:
- Hiru litro daude, baina hori ez da nahikoa
- Ni ezin naiz joan, baina anaiari esanmgo diot
9. Estilo zuzena eta keharkakoaren arteko etena adierazteko ere koma erabiltzen da.
Adibidez:
- "Hori ez dago gure esku", erantzun zidan
- "Zergatik diozun hori" galdetu zion Jonek
Testu honen jatorria: Euskal Gramatika Osoa. Didaktiker SA, Bilbo 2000