Ohar batzuk ebaluazioaz

6. Ebaluazioaren agenteak

Ebaluazioa agente ezberdinek burutu dezakete (Etxague, 1994:339). Faktore horren arabera ebaluazio-mota ezberdinak bereiz daitezke: barru-ebaluazioa eta kanpo- ebaluazioa.

Barru-ebaluazioa

Honela deitzen zaio erakunde barruko kideek, agente ebaluatzaileak diren aldetik, betetzen duten ebaluazioari. Jeneralki ebaluazio-mota hau erakunde barrutik bultzatua izaten da.

Casanova-k (1992) ebaluazio honen barruan hiru aukera bereizten ditu: auto-ebaluazioa, hetero-ebaluazioa eta ko-ebaluazioa.

Auto-ebaluazioa, ebaluatzaileak bere jarduera ebaluatzea da. Hau da, ebaluatzailearen eta ebaluatuaren rolak, pertsona berarengan biltzen dira. Esaterako, irakasleek beren jarduera didaktikoa auto-ebaluatzea erabakitzen dutenean (galdeketa, bideo-grabazioa edo beste edozein teknikaren bidez).

Ikasleen kasuan, ebaluazio-molde honetan ikasleak berak bere jokaera eta ikas-prozesua ebaluatzen ditu. Ikasleei begirako auto-ebaluazioa ez dugu hemen luze eta zabal jorratuko. Gogoratu horretarako EKParen aurreko ataletan ¾2. Printzipio nagusiak eta 5. Hobetsitako aukera metodologikoak¾ esanikoak.

Baliteke, erakundeko kide baten edo batzuen jarduera, beste lankideren batek ebaluatzea, esaterako, idazkari akademikoak mintegien jarduera ebaluatzen duenean. Era honetako ebaluazioari, hetero-ebaluaketa deritzo.

Hirugarren egoera, ko-ebaluazioa, gertatzen da erakundeko kideek elkarrekin ebaluatzen dutenean, ebaluatzaile eta ebaluatuaren rolak elkar trukatuz. Esaterako, irakasleek ikasleak ebaluatu eta ikasleek irakasleak ebaluatu egiten dituztenean.

Kanpo-ebaluazioa

Honela deitzen zaio erakundea, programa, sistema... kanpoko agenteek ebaluatzen dutenean. Kasu hauetan, ebaluazioa erakundearen jardueran inplikaturik ez dauden agenteek burutzen dute. Esaterako, administrazio-ikuskatzaileek ikastetxe batean egin dezaketen ebaluazioa. Jeneralki ebaluazio-mota horien agenteak, ebaluatzaile adituak, teknika eta tresna egokien jabe izaten dira.

Etxaguek honako galdera hau planteatzen du: Nork ebaluatu behar du? Zein ebaluazio-mota bultzatu behar dugu? Zein da egokiena? Gure ustez biak dira beharrezkoak eta osagarriak.

Barru-ebaluatzaileak zenbait informazio jasotzeko eta objetibizatzeko zailtasunak izan ditzake, gehiegi inplikaturik egon ohi baita. Bestalde, barru-ebaluatzaileak ez du izaten beste kanpoko hezkuntza-proiektuei dagokien daturik; horregatik zaila egiten zaio beste proiektuekiko konparaketak egitea eta ebaluatzen ari den proiektuaren egoera, kontrastearen bitartez, finkatzea. Barru-ebaluatzaileari buruz esandako gabeziak kanpoko ebaluatzaileak bete ditzake. Batetik, proiektu barruko erabakietan ez dago inplikaturik; beraz behar bezalako distantzia izan dezake informazioak objektibatzeko. Jeneralki kanpo ebaluatzaileek beste proiektuei buruzko informazioak izan ohi ditu.

Dena den, argi dago edozein ikastetxetan barru-ebaluazioa ezinbestekoa dela. Ikastetxeak berak bere funtzionamendua erregulatu, egokitu eta kontrolatu behar du, bere baliabide propioak erabiliz. Hau da, ikastetxeak kanpoko baliabideekiko autonomia eduki behar du.

Esandako guztiagatik, beraz, barru-ebaluazioa eta kanpo-ebaluazioa gertatu behar dira. Bakoitzak baldintza zehatz batzuei erantzuten die. Barru-ebaluaketa beharrezkoa da ikastetxe batentzat, eta, jarduera ebaluatzailea curriculum proiektuaren garapenean txertatzea izan behar du helburu. Baina irakasleriaren prestakuntza teknikoa eskasa denean, edo egoera ez objetibatzeko arriskua dagoenean, ebaluazio mistoaren eredua oso baliagarria eta egokia izan daiteke. Hau da, kanpoko agenteak esku hartzen du, barru ebaluaketa prozesua orientatuz eta erraztuz.

Amaitzeko esan, edozein hobekuntza-prozesutan irakasleriaren ekimena eta inplikazioa ezinbestekoa dela. Azken batean beraiek dira prozesuaren dinamizatzaile eta inplementatzaileak.