Ohar batzuk ebaluazioaz
3. Ebaluazio-paradigmak
3.1. Ebaluazio kuantitatiboa
Ebaluazio kuantitatiboaren helburua izate, objektu edo gertaerei buruzko balio-juzkuak egitea da. Oro har, juzku horiek numerikoak dira. Hemen funtsezkoena da ebaluazio-prozesuan ahal denik eta objektibotasunik handiena lortzea: emaitzek baliagarriak eta fidagarriak behar dute izan eta datuak jasotzeko prozesua oso kontrolatua.
Horrela, paradigma hori kontuan harturik, oso ohikoak dira errendimenduaren ebaluazioa egiteko tresna kuantitatiboak, besteak beste, froga objektiboak, quiz erako frogak, ahozkoak -azalpena, eztabaida, elkarrizketa- edo idatziak -saiakera, arazoa, galderak, zirriborroa-. Froga horiek guztiek ebaluatzeko irizpide objektibo eta esplizituak dituzte eta horien erlazioan neurri numerikoa edo kalifikazioa. Ebaluatutako tasunaren menderetze-mailaren arabera kalifikazioak gora edo behera egingo du.
Ebaluazio-molde honek kritikak jaso ditu hainbat alderditatik. Horrek paradigmak garatu dituen tresnak zuhur eta zorrotz erabiltzea eskatzen du, nahiz tresnen erabilgarritasuna ere frogatua dagoen. Hona hemen kritikak:
- Ebaluatzaileak frogen diseinuari, aplikazioaren eta emaitzen interpretazioari denbora luzea eman behar die.
- Ikasleak, bere errealitatetik kanpoko ebaluazioaren aurrean, jarrera pasiboa hartzera jotzen du.
- Alderdi ideologikotik leporatu zaio bere jarduna pertsonen aukeraketan, titulazioan edo kalifikazioan ardaztea, laguntza- eta hobekuntza-prozesuetan baino areago.
Ebaluazio kuantitabiboaren mugak ere azpimarratzekoak dira: zenbagarriak diren aldagaien diagnostikora mugatzea; emaitzen izari estatikoa: arrakasta akademikoari dagozkion momentuan momentuko trebetasunen ebaluazioa egin izana, e.a.
Ebaluazio kuantitatiboaren paradigman ebaluazio sumatiboa dugu. Horrez gain, beste zenbait kontzeptu ere badira , nahiz momentuz jorratuko ez ditugun. Horretarako, ikus aipatu lanak (Briz, 1998:121-122; Etxague, 1994:301-302).
Paradigma honetako ebaluazio-tresnen diseinurako, ikus Alderson et. al. (1995). Bertan, hizkuntza-azterketen elaboraziorako irizpideak, baliabideak eta hainbat adibide eskaintzen dira.