Merke-merke

irakur ezazu Xabier Mendigurenen Merke-merke ipuina.

MERKE-MERKE

XABIER MENDIGUREN

San Esteban bigarrena zen, eta, badakizu, ordurako denak nahiko aspertuta. Ez genuen esaten baina aspertuta geunden; festetan, betikoa: hasten zara edaten ea gero neskaren bati arrimatzeko aukera dagoen baina ezer ez; eta gero edan eta edan segitzen duzu eta azkenerako nazkatuta zaude horrenbeste festa eta dantza eta  komeriarekin baina ez duzu esaten eta edaten segitzen duzu. Eta orduan ere nik ez nuen ikusi etorri zenean, aditu bai baina ez nuen ikusi Jexuxek botila pasatu zidalako azken hondarrekin eta ni edaten ari nintzen eta orduantxe aditu nuen nola esan zuen Joxe Ferminek: ikusi al duzue horko beltza?


Ez didazu sinistuko baina ni botila noiz hustuko zain nengoen etxera joateko, ze, lehenago erretira asmotan etxe aldera abiatu nintzenean, han hasi zitzaidan Jexux, barrenak berotzeko zerbaiten beharra izango zela eta botila pare bat ardo ateratzeko. Etxera nindoala esan nion nik, nahikoa festa genuela eta biharamunean goiz jaiki beharra nuela, eta Jexux aurrena modu onean hasi bazen, mesedez eta, zakar jarri zen gero,  xuhurra ez izateko eta botila ardoa  sikira ateratzeko. Berak bazekien noski, almazeneko giltza banuela, eta  temosoago jarri baino lehen botila ematea erabaki nuen, ordu txarrean, baina gero pentsatu nuen botila puskatzen bazuten aita konturatu egingo zela kaskoa falta zela eta hobe nuela bukatu arte haiekin egon, eta horrexegatik joan nintzen Kamiñazpira, bestela ordurako ohean nengoen aspaldi.


Ni, barkazioarekin, mozkor-mozkor eginda nengoen eta naiz ondo akordatzen. Festak bukatzen ari ziren, egunero lo gutxi eta azken gau hartan batere ez. Musikeroek aldegin ondoren geu aritu ginen tabernan nahikoa musika eta zarata egiten, bertsotan eta. Gero berriz hura ere itxi zuten eta alkatearen etxearen aurrean hasi ginen kantari, baina zakurra askatu ziguten  xaxaka eta orduan Kamiñazpira joan ginen. Lehenago ere ez ginen edan zaharrak baina oraindik ere gehiago nahi eta taberna itxita zegoenez Miel Anjeli esan genion ekartzeko bat, zeratik, almazenetik, eta harekintxe joan ginen; orduantxe ari zuen eguna argitzen, aizu, eta gogoratzen zait ilbetea zegoela, hori bai, baina besterik ez, kasikan ezer ez.


Kasualitatez nengoen ni Kamiñazpin, sinestu egin behar didazu, botila noiz hustuko zain, eta hain juxtu ere Jexuxek Manuel Mariri pasatu zionean azken hondarrekin nere artean esan nuen, bazen garaia!, azkenean joango nauk ohera, baina orduantxe azaldu zen hura.


Nik trago galanta egin eta Manuel Mariri pasatu nion botila, geratzen zen hondarra berak bukatzeko, eta Miel Anjeli esan behar nion ekartzeko beste botila bat, hura bukatuta zegoela eta. Ezin egongo ginen meza nagusia bukatu arte egarriak eta hotzak akabatzen. Halaxe da eta, aizu, gure herrian apaizak meza eman arte ezin taberna zabaldu, eta hori ez da gizalegea ez, ez da.


Egia esango dizut: neretzat, gobernua da hemen kulpante. Jendilaje horri ez liokete sartzen utzi behar. Ze on egiten dute ba? Bat ez. Bazterrak nahastu, besterik ez. Neri ere, iaz despertadore bat saldu zidaten. Neronek ere lanera joateko goiz jaiki beharra nuela eta ama ordurako esne saltzen zebilenez nik ere bat erosi; jakin izan banu ez nion beltz bati erosiko  alajaina, baina izorratu zenerako damua berandu eta gero nork konpondu? Nork ordaindu behar zidan neri despertadore hura?


Ni  dzanga-dzanga ari nintzen. Jexuxek pasatu zidan botilatik, eta ez dakit nola hasi zen ere. Horiek, badakizu, konturatu orduko aldamenean dituzu, bere kinkaileria  guztia lepotik zintzilika, hau eta beste, eta gu ere aspertuta, norbaitek deitu eta, horixe gertatzen da beti festetan: iaz ere, okerragoa gertatu zen ia: errotako Axentxioren asto zaharra harrapatu, pattarra pranko edan arazi eta han ibili genuen gaixoa, batetik bestera jira-biraka. Gero berriz lepoa moztu zioten motozerrarekin. Ni ez nengoen tartean baina halaxe izan zen.


Guk ez genion ezer esan. Bera etorri zen. Bazter guztietan sartzen dira eta. Zer zuen hark guregana etorri beharra? Patxada ederrean geunden gu, lagun artean. Guk han ez genuen haren beharrik baina hantxe agertu zen halere, bere katxarreria guztia lepotik behera zintzilik. Kolkoan harria sartuta bota behar lituzkete denak itsasora, denak.


Aizu ba, nork usteko zuen? Ni mozkortuta nengoen eta ez nintzen ezertaz jabetu. Han zebilen moro hura baina ez dakit zer esaten zigun ere. Nork ulertu horien zakurren zaunka? Edaririk ba ote zuen galdetzen nion nik baina berak erlojuak eta boligrafoak eta halakoak erakutsi. Zertarako behar nuen nik boligrafoa Kamiñazpin goizeko ordu hartan?


Ez didazu sinistuko baina nik Jexuxi eskatzen nion botila itzultzeko, etxera joan behar nuela eta, baina Jexuxek botila beste zerbaiten truke aldatu nahi marrokiarrari, eta isilik egoteko neri. Baina nik garbi asko esan nion: aizak, Jexux, hik lehen botila ekartzeko eskatu didak eta nik ekarri diat; orain nik eskatzen diat bueltatzeko, eta nerea denez bueltatu egin beharko didak.


Nik banekien zeozer gertatuko zena. Gau hura aldrebesa izan zen. Festetako azkena zelako, bestetan baino gehiago edan genuelako, goiz parte hartan hegoi haizea hasi zelako, nik al dakit, eta Joxe Fermin haserre zebilen. Ez da harritzekoa ere, badakizu, egunik egun neska baten atzetik ibili neska laguntzeko aukerarik izango ote den eta azkenean zakurraren putza, Mari Mertxek hobe ustekoa bilatu: hantxe aritu zen gau osoan dantzan alkatearen iloba edo omen zen batekin, bibote  xixtrineko señorito kalekume harroxkoa bera, eta Joxe Ferminek esaten zidan, bizkarreko ederrak eman behar zizkioagu horri, baina bai zera, señoritoak kotxea izan eta kotxez aldegin zuen. Deskuidatuz gero Mari Mertxeri errepaso ederra eman eta gero, gutxi harritu, ze Mari Mertxe horrek guri ez zigun eskuak luzatzen utziko baina señorito itxurakoren bat agertuz gero... Amak ere esango zion, hari arrimatzeko eta.


Lehen ere esan dizut. Beltz horiek dute kulpa osoa. Hura ere ez zen batere intentzio onez etorri. Beti  badute zerbait. Lapurretan aritzeko aitzakiak. Nik iazko despertadorearen kontuak eskatu nizkion, besterik ez, hura konpondu beharko zidala edo bestela berria eman, baina hark ezentzunarena egiten zuen. Nahi dutenean ederki asko aditzen dute, afrikano zerri horiek.


Jexuxek berriz, beste botila bat ekartzeko esaten zidan. Marroki hura gonbidatu egin nahi zuela, eta nik esaten nion marrokiarrek ez dutela alkoholik edaten baina Jexuxek baietz, edango ez dute ba!, eta aurrena erdi jolasean baina azkenerako ia-ia burrukan botila muturra sartu nahi zion ahotik, nahiz eta hutsik egon, eta marrokiak barre itxura egiten zuen, baina atzera begira, ate aldera, handik ihes egitekotan edo.


Miel Anjelek beste botila bat ekarri izan balu ez zen ezer pasako, baina aitak ikusi egingo nau eta ez dakit zer, aitzakika ume  kokildu hori, eta, aizu, moro hark ere edan nahi zuela eta edaririk ez. Ez dakit seguru edan nahi zuen baina nik baietz esango nuke; nork egiten dio muzin botila bati? Gero jada ez dakit zer pasatu zen ere.


Beltz horiek beti lapurretan. Barrena ere beltza horiek. Esan dizut, gu ez ginen hasi, guk ez genion ezer egin. Bera etorri zen gugana, eta orduan nerea zena eskatu besterik ez. Zor zidana eskatu eta bera harro-harro, ezta kasurik ere. Zuk uste duzu bidezkoa dela, deretxorik ba la dago, zer janik ere ez duten horiek, datozen bezala lapurretan etorri eta harrokeriatan hasteko? Gizonak ezin dio holako bati amenazuka aritzen utzi. Besterik ez genuen behar: horiei harrokeriatan utzi!


Joxe Fermin nerbioso zebilen, badakizu, neska dela, festetako azken eguna zela, lorik ere ez, hegoiak ere burua nahastu egiten dizu, eta ez dakit noizko erloju baten kontu eske hasi zitzaion. Erosi orduko izorratu zitzaiola eta berria emateko, edo ordaindutakoa itzultzeko bestela. Nik uste bidezkoa dela, ezta? Baina besteak eman nahi ez, eta hortik istiluren bat gertatu zen, nahasketa bat, ez dakit nork, ez dakit nola, estutu edo, astindu txikiren bat edo, eta hark labana atera. Labana atera ez balu... baina alferrik da orain esatea, badakizu.


Ni joatekotan nengoen, sinetsi egin behar didazu, botila zen arrazoi bakarra, nik ez nuen inori lapurtzeko asmorik, nik ez nuen ikutu ere egin marrokia.  Besteak izan ziren. Joxe Fermin bultzaka hasi zitzaion, diruak emateko eta emateko, eta marrokiak berriz labana atera, eta orduan Jexuxek ja ta botila hautsi zion burutik behera; halaxe izan zen, nik ikusita, baina nik ez nuen  sesio hartan parterik.


Aizu, ba, akordatu ere ez. Bateko bultza, besteko  estropozoa, uste dut moroa erori egin zela, eta erortzean mina hartu, botila eta guzti. Baina guk ikutu gabe, e, ikutu ere ez. Bera bakarrik erori zen, eta aizu, horrelakoak ere izaten dira eta erorialdi txarra suertatu. Berdin-berdin eror zitekeen beste edozein, edo neroni , eta ia-ia erori nintzen, mareatuta bainenbilen, eta karga-karga eginda egia esan, baina hori: istripua.


Ez si eta ez no atera zuen labana, inork ezer egin gabe, eta neri sartu nahi zidan gainera; esan dizut lehen ere, nik despertadorea konpontzeko eskatzen nion, eta hori al da gizalegea? Gizonak bezala eskatu eta beltz madarikatuak labana atera, guri hesteak eguzkitan uzteko! Eskerrak Jexuxek botilazoa eman zion, baina intentzio txarrik gabe, defenditzeko besterik ez, ze, beltz hura gauza zen guri gibelak ateratzeko ere, malapartatu alaena.


Labana azaldu eta, badakizu, gertatu beharrekoa gertatu zen: norbaitek mina hartu. Botila ere azaldu zen, nola edo hala defenditzeko, gu ere mozkortuta eta, zera, neurria galdu. Inork ez du errurik. Halaxe tokatu zen. Gizarajo hark labana atera ez balu, konponduko zen Joxe Ferminekin baina. Eta, noski, hura lurrean zegoela, bidezkoa ere bada eta, Joxe Ferminek bere erlojuaren ordaina  kitatu nahi izan zuen, besterik ez, han ez zen lapurretarik izan, nik dakidala.


Odola ikusi bezain laster nik alde egin nahi izan nuen. Botila alferrik galduta zegoen eta banekien aitak demanda egingo zidana, baina hobe zen hori kontu itsusiagoetan nahastuta egotea baino; etxera joan behar nuen, baina ez zidaten utzi, Manuel Marik heldu zidan lepotik eta hantxe geratu behar nuela, eta beste guztiek ere bai, han denak geundela nahastuta eta inork ez zuela alde egiterik, baina sinistu egin behar didazu, nik etxera joan behar nuen, ama esna egongo zen nire zain.


Miel Anjel ustel hori, botila kaskar bat ekarri nahi ez eta botila hura hautsi zenean, aizu, ze konturekin uste duzu hasi zela? Botila ordaindu behar geniola, bestela aitak ez dakit zer, zera, ume negar-ontzi bat; eta huraxe izan zen moroaren gauzen artean  aztarrika hasi zena, guk eman ezean berak nondik edo handik inguratu behar zuela botilarena eta.


Beltzak dira lapurrak, ez gu. Nik zor zidana besterik ez nuen hartu nahi, eta haietako beste despertadore bat hartzea alfer-alferrik zen, hura ere berahala izorratuko baitzen, eta orduan txanponetan jasotzea pentsatu nuen, baina nik ordaindutakoa besterik ez. Zorrak kitatu eta kitto.


Gu aspertuta geunden, eta nekatuta, badakizu, eta goizeko ordu horietan ez dakizu oso ondo zer egiten duzun ere, edan ondoren gutxiago noski, eta orduan batetik Miel Anjel eta bestetik Joxe Fermin, gizarajoaren gauzetan eta arropetan miaka ikusi genituenean, guk ere beste zereginik ez eta, zeozer hartzea pentsatu genuen, ezer askorik ez, ez da oso itxurazkoa baina, badakizu, aukera begi aurrean ikusi eta ez zara pentsatzen hasten, konturatu gabe egiten dituzu gauzak, maliziarik gabe.


Nik ez nuen ezer hartu, ezertxo ere ez, aizu. Ni mozkorra bai baina lapurra ez naiz. Eta gutxiago hiltzailea. Gero etxean eta azaldu omen diren pitxi eta traste guzti horiek lehendik zeudenak ziren, ferian eta erositakoak, nik ez nuen ezer harrapatu, horretarako Miel Anjel zeken ziztrin hori.


Sinistu egin behar didazu: nik botilaren kontua besterik ez nuen hartu. Akaso ez nuen hartu beharko, ez, ez nuen egin behar, baina beste guztiek ere hartu zuten eta, bestela aitak demanda egingo zidan eta... Eta orduan, marrokiak begiak zabaldu eta zoro moduan salto egin zigun gainera, burutik behera odola zeriola, bildurra ematen zuen, atzaparkadaka, eta nik alde egin nuen iskanbila guzti hartatik; ez duzu sinistuko igual baina nik alde egin nuen handik, odolak bildur izugarria ematen baitit, eta ez dakit zer gertatu zen gero, kalean entzun dudana, besterik ez.


Aurrena kokilduarena egin eta nork uste duzu hautsi zizkiola prakak moroari poltsaren bila? Miel Anjelek. Etxera joan nahi zuela eta etxera joan nahi zuela, botila ziztrin bat ez ekartzeagatik besterik ez, baina moroa lurrean  ziplo ikusi zuenean hantxe hasi zen, bera lehena. Eta moroa gero berriro altxatu zenean Miel Anjel bera uste dut izan zela labana sartu ziona, ni bizkar emanda nengoen eta ez nuen ikusi, baina hainbesteko nazka odolak, eta konortea galdu bezalako itxura haiek, eta ihes egiteko presa hura ez ziren batere parte onekoak ez, ez ziren.


Hara, egia da zeozer hartu genuena, ez dizut ukatuko, baina zuk ere ez al zenuen hartuko? Bueno, zuk ez, baina guk ere ez genuen hartuko ordu hura izan ez balitz, eta egun hura, eta mozkortuta egon ez bagina, eta Mari Mertxe señoritoarekin joan ez balitz, eta... Honek  balizko ola ematen du baina, badakizu, holako gauzak ere gertatu egiten dira eta gero konpontzerik ez. Alferrik da damutzea baina halaxe da, gazteak izan eta.


Gu ez ginen hasi. Bera izan zen. Eta altxatu zenean akabatu egin behar gintuela ematen zuen. Garrasi batean salto egin zigun eta guk geure burua defenditu besterik ez genuen egin. Berak zuen eskutan labana, eta tira-biran ba, horixe: bere gorputzaren kontra sartu, baina ez guk hala nahita: bera zen  sesiantea, eta gu defenditu egin ginen, besterik ez. Istripua izan zen, eta geure burua defenditzea, lehen ere esan dizut.


Gu joan ginenean hantxe utzi genuen, botilazoa buruan, baina bizirik. Gerokoa, labankadaz zulatuta agertu zela eta, entzunda dakigu, ez  geronek ikusita. Eta, hara: badakizu zer uste dudan? Gizarajo horiek holaxe ibiltzen dira, bizimodua nola-hala atera nahian, badakizu, eta ikusi zuenean lapurtu egin ziotela dirua,  errukarriak beste biderik ikusi ez eta etsiak hartuta bere burua hilko zuen. Horixe uste dut nik, benetan, bestela ezin liteke, ze guk ez genuen ikutu. Guk ez genion labankadarik eman. Gizarajoak hilko zuen bere burua.

Modifié le: Wednesday 25 January 2012, 16:31