Eta begiak itxi zituen

irakur ezazu Xabier Etxanizen Eta begiak itxi zituen ipuina

ETA BEGIAK ITXI ZITUEN

XABIER ETXANIZ ROJO


Gaupasa egin ondoren, goizeko trena hartu eta etxera joatea oso gauza arrunta da. Hamaika aldiz egindako bidaiak. Batzuek kotxerik ez dutelako. Beste batzuek, alkohol gehiegi edango dutelakoan, kotxea etxean utzi dutelako. Nolanahi ere, goizeko tren horietan jende ezberdin asko elkartzen da, nahiz eta beraien  artean hitz bakar bat ere ez esan. Gehienetan erdi hutsik doazen bagoi horietan, mozkortia eta langilea, parrandazalea eta mendizalea, elkarren aurrean esertzen dira. Ohetik altxatu berria lanera doana eta, lana egin ondoren, ohera doana. Berehala ahaztutako zaizkizun aurpegi arruntak... edota hain erraz ahaztuko ez zaizuna, baldin eta niri gertatu zitzaidana gertatzen bazaizu.

Bera Tolosako apeaderoan sartu zen. Goizeko 6ak ingurua izango zen. Iruna ailegatzeko ordu eta laurden falta zitzaidan, eta nire begiek, aspaldiko partez, ohea besterik ez zutela ikusi nahi esaten zidaten. Hala ere, bera bagoian sartu zenean, berehala esnatu nintzen, nire aurreko eserlekuan eseri baitzen.

Bagoia erdi hutsik zegoen.

Eseri zenean, “kaixo” lotsati bat baino ez zuen esan eta nik “epa” erantzun nion. 

Oso polita zen.

Bere jazkeragatik lanetik ez zetorrela erraz asko ikusten bazen ere, ez zeukan gaupasazale guztioi geratzen zaigun ohe-bat-behar-dut-erdi-mozkortuta-nago-ta aurpegi hori. “Nondik etorriko ote da?” pentsatu nuen.

Bagoiaren beste puntan bidaia osoa musuka eman zuen bikotea, Anoetako geltokian jeitsi zen, gu biok bakarrik utziz.

Ni baino 10 urte helduagoa izango zen, 30 urte ingurukoa.

Begiratzen hasi nintzaion. Hala ere, begira nengoela konturatu bezain laster, beste aldera begiratu nuen erabat lotsatuta. Berehala ohartu nintzen kanpoko iluntasunak leihatila ispilu bihurtzen zuela; beraz, zuzeneko begiradak eta ispiluak eskaintzen zidan aukera tartekatzen hasi nintzen nire azterketa egiteko.

Eta ikusten nuena oso gustokoa nuen.

Soineko beltz bat zeraman leporaino, mangarik gabekoa. Atzetik lotzen diren horietarikoa. Ez zeukan eskoterik. Ilea, Pulp fiction pelikulan ateratzen den neskarena bezalakoa, hots, zoragarria. Ezpainek, gorri leun batez margotuak, edonor zorionaren mundura eramateko sortuak zirela ziruditen. Bere begiak marroiak ziren. Oso handiak. Begirada marroi hori mantentzea, ezerosoa izateaz gain, ez zitzaidan batere erraza suertatzen. Dena dela, oso erakargarriak ziren.

Hori guztia ikusita, neure buruari debekatu nion lepotik bera ikusten nuena aztertzen jarraitzea, ordurako bero samar bainengoen, baina, askotan gertatzen den legez, nire begiek ez zidaten jaramon handirik egin.

Ez zuten nahi izan.

Eta begietatik jeistean, zerekin eta bularrekin egin zuten topo, eta nire begi maltzurrek hortik azterketa sakon bat egin arte ez mugitzeko erabakia hartu zuten. Erabaki honek urduritasun zein antsia handia sortarazi zidan, bera titiei begira nengoela konturatuko zela ziur bainengoen. Handiak ziren. Akaso soinekoa estuegia. Formak oso ondo markatuak zeuden. Bikainak. Titi punta pare horrekin zer egin pentsatzen hasi nintzen eta ideia dexente bururatzen zitzaizkidanez, beste alde batera begiratzera behartu nuen nire burua.

Baina ezinezkoa izan zen.

Orduan triangelu perfektua asmatu nuen: bularrak-begirada-ispilua, eta angelu ezberdinetatik begiratzeari ekin nion. Baina nire begiek triangeluaren goiko angelutik bueltatxo bat eman eta bere begiradarekin topo egin zutenean, urduri jarri ninduen zerbait aurkitu zuten. Bera ere antzeko azterketa bat egiten ari zen eta jada bere begiradak ez zuen alde egiten. Azterketa bukatzeko piska bat beherago jo behar izan nuen. Hankak gurutzatu zituenean, gona luzeak zango sendo bat utzi zuen agerian. Honen gainean, belaunean, eskularru luze pare baten barruan, atzamarrak jolasten hasi ziren, eria behin eta berriro emeki mugituz eta nire irudimena lehertaraziz. A ze nolako laztan goxoak egingo zituzten atzamar trebe horiek!

Eta bat-batean... begiak itxi zituen.

Jarraian, mingainak ezpain gorriak leunki miazkatu zituen eta lehen gurutzatuak zeuden hankak. Jadanik ez zeuden hain gurutzatuak. Eserlekuan egokitu zen. Belaunean jolasten aritutako hatzek beste jolas bat bilatu zuten, bai eta aurkitu ere. Nire begirada harrituaren aurrean, soineko beltz horren gainetik hasi ziren titiburuak laztantzen. Eta zin dagizuet: oraindik harritzen nau une horretan, ene bihotzaren taupada izugarriak entzun ez izanak.

Bera bagoian sartu bezain pronto, holako neska puska batekin nire etxeko ohean egingo nituzkeen milaka lizunkeria bururatu zitzaizkidan eta une horretan, berriz, pentsatutakoa gauzatzen ari zenean, ea bagoia hutsik zegoen jakitea besterik ez zetorkidan burura.

Hutsik zegoen.

Bitartean, beste ezarrera egokiagoa lortzen saiatu zen. Lortu zuenean, eskularru beltzak kendu eta lurrera bota zituen, bere eskubiko eskuak beherako bidea hartu zuelarik. Ezkerrekoa, berriz, soinekoaren barnekaldea miatzera abiatu zen. Eskubiko eskuak piskanaka gona gora eraman zuen, belaunak agerian utziz. Hala ere, bere izter sendoak ikusteko ez zuen ia lanik egin behar izan: oinak nire eserlekuan jarri zituen eta gona erraztasunez jaitsi zen, ene gorputza bi hanka luze horien artean geratu zelarik.

Kuleroak gorriak ziren.

Bere atzamarrek ondo asko zekiten egin beharrekoa, eta baso beltz horretan sartzeko hartu behar zuten bidea laguntzarik gabe aurkitu zuten.

Eta masturbatzen hasi zen.

Bitartean ni han nengoen, zer egin ez nekiela. Bera nirekin jolasten ari zen eta nik ez nekien festa pribatua zen edota gonbidaturik onartuko zuen. Dena den, gauza bat oso argi zegoen: festa ez zuen bukatutzat eman nahi.

Kuleroak kendu zituen.

Eta atzamarren artean, gaueko lehenengo izar disdiratsua bailitzan, altxor bat agertu zen, oso desiragarria iruditu zitzaidana. Atsedenik hartu gabe, hatz trebe horiek aurkitu zutenarekin jolasten jarraitu zuten eta ez zen denbora gehiegirik pasa lehenengo plazer hasperenak botatzeko. Nik jada ezin nuen gehiago.

Baina nire gonbidapena iritsi zen.

Eskubiko eskuaz jo eta fuego ari zen. Ezkerrekoa niregana luzatu zuen eta hitzik esan gabe “etor hadi hona” esan zidan. Berehala ulertu nuen. “Honek ez du laguntzarik behar, argi dago, baina orain arte, nirekin aritu da jolasean eta dagoneko jokua bukatu da”.

Belauniko jarri nintzen eta izterrak musukatzen hasi nintzaion. Begirada gora zuzendu nuen, aurpegirantz. Berak irribarretsu begiratu zidan eta berriro itxi zituen begiak. Oraingo honetan ere ez zuen ezer esan behar izan, begirada horrek dena esan baitzuen. Beraz, begiak jaitsi eta izter miresgarri horiekin jarraitu nuen. Handik gutxira, nire ezpainak beste leku batera zuzendu nituen. Hor, baso beltz horretan murgildu nintzen, beldurrik gabe, eta hain ondo aritutako atzamarrak kendu zituen. Lan erdia egina zegoen eta niri zegokidan lana bukatzea.

Nire mingaina, atsegin handiz, klitoriaren inguruan jolasten hasi zen. Bitartean berak ez zuen denbora alferrik galdu nahi, beraz, lehen libre utzitako eskuak titiak laztantzera dedikatu ziren, hasieran emeki eta gero bortizki. Nik bai mingainaz bai hatzez egiten nizkion laztanak geroz eta gustorago hartzen zituen. Noizbehinka, plazer espasmo batek eraginda, zangoak ixten zituen azkar eta bortizki baina berehala zabaltzen zituen berriro, gonbidatuak bere losin eta musu goxo horiekin jarrai zezan.

Plazer espasmoak eta oihu txikiak.

Hauek sarriagotan suertatzen hasiak ziren. Lehertzeko moduan zegoen. Jadanik ez zen sartzen bere eserlekuan. Eserlekua txiki-txikia geratu zitzaion. Gorputz eder hori kontrol gabe mugitzen zen. Une horretan, bidaiariren bat sartu izan balitz ere ez ginen konturatuko, ez baikenuen tutik ikusten. Haren eskuek ez zioten uzten nire buruari lorategi zoragarri hortatik alde egiten, eta orduan nire ezpain zoriontsuek lorategiko lorerik ederrena xurgatu zuten azkenengo aldiz.

Oihu luze batez bukatu zen. Orgasmo baten ondorengo isiltasuna nagusitu zen. Trenaren traka-traka-traka eta gure arnasa besterik ez nuen entzuten.

Zutitu eta eseri egin nintzen. Pozik. Izerditan blai eta ahoa lehor-lehorra. Kuleroak jantzi zituen.

Ez zuen ezertxo ere esan. Egia esanda, ez zen beharrezkoa. Hurrengo geltokian altxatu eta aterako bidea hartu zuen. Ziurrenik ez zen bere geltokia izango. Baina jaitsi baino lehenago, begiratu zidan irribarretsu eta azkenengo aldiz, begirada zoriontsu baten bidez, esan behar zidan guztia hitzik gabe adierazi zidan. “Eskerrik asko, neskatxa”.

Eta begirada hori ikusi nuenean, ni ere munduko emakumerik zoriontsuena sentitu nintzen.

Última modificación: martes, 14 de febrero de 2012, 10:19