Irakaslearen gida: Merke-merke

2. Merke-merke

2.1. Ipuinaren ezaugarriak

Merke-merke ipuina narrazio polifoniko edo korala da: errealitate bera ikuspuntu desberdinetatik jasotzen dugu. Horregatik, askotan oso zaila da zehaztea parrafo bakoitzean zein den narratzailea, bestetan, ordea, errezago. Horrela, narrazioan zehar lehen pertsonan hitz egiten duten zenbait narratzaile agertzen dira:

  • Miel Angel
  • Jexux
  • Joxe Fermin
  • Manuel Mari

Narrazioak, bestalde, ahozko elkarrizketa baten transkzioa da: lehen pertsonako narratzaile hauek beste batekin hitz egiten dute, berorren galderak edo pasarte-zatiak testuan agertu ez arren. Horregatik, ipuinean zehar ahozko hizkera erreproduzitu nahi du egileak. Esplizituki ez da esaten  zein  den solaskidea.

Ipuina ulertu ahal izateko, garrantzizkoa da narratzaile-aldaketaz konturatzea. Nolabait esateko, istorio beraren pasarteak narratzaile ezberdinek  kontatzen dizkigute eta irakurleen lana, irakurle aktiboak garen aldetik, istorio-puska horiek jaso eta puzzlea osatzea da.

Ikasleen ikuspuntutik, horren zailtasuna agerikoa da.

  • Ohiko narrazioetan narratzaile bakar bat izaten da. Honetan, berriz, narratzailea ez da bakarra, hainbat dira eta guztiek erabiltzen dute 1. pertsona narrazioari ekiteko. Hizkuntzaren ohiko erabileran, narratzailea bakarra da eta erabiltzen duen "ni" hori beti da bera. Irakurleak ez du, beraz, inongo ahaleginik egin behar behin narratzailea identifikatuta duenetik.
  • Bestela gertatzen da, ordea, Merke-merke ipuinean. Zati guztietan "ni" hori agertuko da baina bakoitzean "ni" ezberdina izango da. Irakurleak jabetu behar du hainbat narraitzaile dituela eta gertakari berberak ari direla kontatzen narratzaile guztiak. Gertakari bera hainbat kamerarekin grabatuta ikusiko bagenu bezalexe, gertakari beraren narrazio ezberdinak egiten dituzte "ni" ezberdin askok.