Ikastaroaren gida

1. Aurkezpena

Hizkuntzen irakaskuntzaren garapenak aldaketa ugari ekarri ditu Helduen Euskalduntzera. Horietako bat ikas-moldearena izan da: presentziala, on-line, autoikaskuntza, jardun bikoa... Informaziorako eta komunikaziorako teknologiek ere (IKTak) badute zer esana aukeratzen den moldean baina ukaezina da gaur egun, aukeratutako moldea edozein dela ere, nahi eta nahi ez hartu beharko direla kontuan IKTak eta berauen erabilera.

Euskara helduei irakasteko ikastaroetan gero eta jarduera gehiago egiten dira IKTak erabilita; baina askotan ez da nahikoa jakitea ohiko eskoletan egiten ditugunak IKTen bidez nola egin daitezkeen. Beste hariko ezpala baita, eta are garrantzitsuagoa, bereiztea zer egin dezakegun ohiko gelan eta zer Moodle bezalako baliabide baten bitartez.

Ikastaro honetan ikasgelan lantzen ditugun alderdietako batzuk ikasgela birtual batean erabili ahal izateko orientabideak eta irizpideak aztertuko ditugu, gero alderdi horiek Moodle-ren zein tresnaren bitartez lan ditzakegun iradokitzeko.