Ikastaroaren helburuak eta edukiak

1. Ikastaroaren planteamendua

Moodle.orgMoodle-k oso urte gutxitan ikaragarrizko garapen teknologikoa izan du, gainerako hezkuntza-softwarearen aldean azkarren eta bizkorrenetakoa. Horrekin batera, nabaria da plataforma telematiko hau poliki-poliki joan dela zabaltzen eta nagusitzen. Gaur egun askoren iritzia da Moodle e-Learningerako estandarra bihurtu dela.

Euskal hezkuntza-komunitatea ez da salbuespena izan eta momentu honetan asko dira Moodle erabilita han eta hemen sortu diren ikasgela birtualak. Gure inguruko ikastola, ikastetxe eta institutuetan, beraz, eguneroko tresna bihurtu da. Dakigunez, zailtasun nagusiak plataformaren kudeaketan sortzen ari dira.

Ikastaro hau Moodle plataforma baten kudeaketa teknikoa egin behar dutenei begirakoa da eta helburu nagusia kudeaketa hori burutu ahal izateko oinarrizko ezagutzak eta horiek praktikan ipintzeko aukera eskaintzea da.

Ikastaroan parte hartu ahal izateko, derrigorrezkoa da Moodle-ri buruzko oinarrizko ezagutza izatea.