Sintaxia
5. Kausazko perpausak
-(e)LAKO
Egitura honek zergatik? galderari erantzuten dio eta kausazko egituren artean berau da kausaltasuna modu zuzenago batez adierazten duena. Formarik hedatuena -lako da. Hona hemen adibide bat:
- Zergatik joan da? >>> Berandu delako joan da
-lako gehienetan perpausaren galdegaia izaten da; beraz, aditzaren aurre-aurrean jarri behar da.
-lako atzizkia menpeko perpausaren amaieran jartzen da, honela perpaus nagusiarekiko lotura egiten duelarik. Horregatik ezezko perpausetan ez-ohiko ordena izango dugu.
- Zergatik eman didazu? >>> Nahi dudalako eman dizut
- Zergatik eman didazu? >>> Galderarik egin ez didazulako eman dizut
ETA
-(e)lako egiturak baino kausaltasun zentzu ahulagoa du. Egitura hau oso erabilia da baieztapen baten ondoren argibideak eman nahi direnean. Beraz, ez dio galdera zuzen bati erantzuten eta ez da galdegai izaten. Perpaus nagusiaren atzealdean etorri ohi da.
Busti egin naiz, euria ari zuen eta
BAIT-
Aurreko egituraren antzekoa da hau. Kokapena, ordea, ez da perpausaren amaieran, menpeko aditzaren aurrean baizik.
- Ez naiz nekatuko, ondo lo eginda bainago
- Gaindituko du, ez baitago bera baino hoberik
Bistan denez, bait- aditz laguntzaile edo trinkoari lotuta idazten da. Honek zenbait aldaketa fonetiko eragiten ditu. Hona hemen eskema bat:
- T + D > T baita, baitago
- T + G > K baikara, beikenuen
- T + H > H baihaiz
- T + Z > TZ baitzara, baitzen
- T + N > N bainaiz, bainago
T(Z)EAGATIK / T(Z)EARREN
Bi egitura hauek baliokideak dira eta aditz-izenari -agatik eta -arren erantsiz eratzen dira. Kausaltasun esanahi handia dute eta zergatik galderari zuzen erantzuteko balio dute. Maiz, galdegai izaten dira. Halakoetan, perpaus nagusiko aditzaren aurrean jarri behar dira.
- Zergatik zigortu duzu? Hitz egiteagatik. Hitz egitearren
- Nirekin ez ibiltzeagatik gertatu zaizu hori
-NEZ GERO / -NEZ
Egitura hauek -lako egituraren antzekoak dira, baina kausaltasun indar gutxiago dute. Menpeko perpausaren ondoren koma jartzen da
Eguraldi ona egiten duenez gero, mendira joango gara (Ya que hace buen tiempo, iremos al monte)
Ezer ez dakidanez gero, ez dut ezer esango (Ya que no se nada, no diré nada)
Alferrik denez, hobe ez joatea (Ya que es inutil, mejor no ir)
-LA ETA
Egitura honek zer dela eta? galderari erantzuten dio, eta normalean -lakok baino kausaltasun ahulagoa adierazten du. Gehienetan, izan aditzarekin erabiltzen da, baina bestelakoekin ere bai.
- Zer dela eta ez zara klasera etorri?
- Lan asko dagoela eta, laguntza eske deitu digu
- Nortasun-agiririk ez zeukala eta, ez zioten sartzen utzi nahi.
-LA BIDE / -LA KAUSA / -LA MEDIO
Egitura hauek -LA konpletiboaren gainean eraikita daude bide, kausa eta medio hitzak gehituz. Hona hemen zenbait adibide:
- Krisialdia dela kausa, oso zaila da lana aurkitzea (A causa de la crisis, ez muy dificil encontrar trabajo)
- Lege berria dela medio, istilu asko sortu dira (A causa de la nueva ley, se han producido muchos conflictos)
- Errepideen egoera txarra dela bide, istripu asko gertatu dira (A causa de la mala situación de las carreteras, han sucedido muchos accidentes)
ZEREN (ETA)
Forma hau, jatorriz, galdetzailea da, zergatik-en baliokidea, baina gaur egun adierazpen-perpausetan erabiltzen da kausa adierazteko. Bera bakarrik zein menperagailu baten laguntzaz erabiltzen da: ekialdean "bait-" eta mendebaldean "-n". Maiz, Iparraldean batez ere, eta juntagailua hartzen du hitz indargarri gisa.
- Ezin esan izan diot, zeren ni hara heldu orduko, alde egin du
- Ezin esan izan diot, zeren (eta) ni hara heldu orduko, alde egin baitu
- Ezin esan izan diot, zeren ni hara heldu orduko, alde egin duen
EZEN
Forma hau iparraldean erabiltzen da batez ere. Esanguraz zeren formaren baliokidea dugu.
- Eskerrak eman behar dizkiot, ezen berari zor diot guztia.
- Nahi duzuna eskatu, ezen edozertarako gertu bainago.