Sintaxia

3. Erlatibozko esaldiak

3.2. Erlatiboaren mugak

ERLATIBOAREN MUGAK

Perpaus oso bat izenlagun bihurtu nahi dugunean, erlatiboaz baliatzen gara. Ikus dezagun adibide bat:

    • Anak AUTOA erosi du
    • AUTOA gorria da
    • Anak erosi duEN AUTOA gorria da

    Aurreko adibidean, lehen perpausa (a) bigarrenaren barruan txertatu dugu auto izen-sintagmaren izenlagun bihurtuz. Bistan denez, perpaus bietan bada komuneko osagai bat: autoa. Baina perpaus biak elkartzen ditugunean, autoa behin bakarrik agertzen da. Perpaus nagusiaren errepikatzen den osagai horri ondokoa esaten zaio, erlatibozko perpausaren ondoan jartzen delako. Menpeko perpausean errepikatzen den osagaiari, ordea, isilekoa, esaten zaio, perpaus biak elkartzean, isilpean geratzen delako.

    Ondokoa edozein kasutan deklina daiteke. Isilekoak, ordea, zenbait muga dauzka. Ikus dezagun adibide bat:

    • NESKAREKIN jan dut
    • NESKA Miren da
    • Jan dudaN NESKA Miren da !!

    Beraz, zein kasutan egon behar du isilekoak erlatibo bihurtu ahal izateko? Azter ditzagun kasuak banan-banan:

    a) Isilekoa eta ondokoa kasu berean

    Isilekoa eta ondokoa deklinabide-kasu berean daudenean ez dago inolako eragozpenik erlatiboa egiteko. Adibidez:

    • Atzo hitz egin genuen mutilAZ gogoratu naiz
    • Zoaz etorri zareN bideTIK!
    • Ni bizi naizen lagunEKIN joan da
    • Mikel joaten den medikuARENGANA joan naiz

    b) Isilekoa NOR, NORK edo NORI denean

    Isilekoa NOR, NORK edo NORI kasuan badago (kasu gramatikalak), normalean ez dago inolako eragozpenik, ondokoa beste edozein kasutan egon arren ere. Hona hemen zenbait adibide:

    • Atzo etorri zen mutilAREKIN geratu naiz (mutila)
    • Atzo deitu zuen mutilAREKIN geratu naiz ( mutilak)
    • Autoa utzi nion mutilAREKIN geratu naiz (mutilari)

    c) Leku-denborazko kasuak

    Leku-denborazko kasuetan, aditzak berak isilekoa zein kasutan dagoen argitzen duenean, normalean ez dago erlatiboa egiteko eragozpenik, nahiz eta ondokoa beste kasu batean egon. Adibidez: egon-non, joan-nora, etorri-nondik… Hona hemen zenbait adibide:

    • Agurtzane BIZI deN etxeTIK nator (etxean – bizi)
    • Joseba atera deN autoAN etorri gara
    • Iaz afaldu genueN herriRAINO joan naiz

    d) Bestelako kasuak

    Gainerako kasuetan, normalean ezin da erlatiborik egin. Horrelakoetan, askotan , nahikoa da menpeko perpausa aldatzea erlatiboa inolako eragozpenik gabe egin ahal izateko. Adibidez:

    • Zu bizi zaren lagunA > Zurekin bizi den laguna
    • Hitz egin nizun liburuan dago > Esan nizun liburuan dago
    • Ikasten dudan neskak egin du > Nirekin ikasten duen neskak egin du
    • Jon ezkondu den neskarentzat > Jonekin ezkondu den neskarentzat

    Euskal Gramatika Osoa. Didaktiker SA, Bilbo 2000