Sintaxia
3. Erlatibozko esaldiak
3.1. Erlatibozko esaldiak: ohiko akatsak
Ohiko akats bat erlatiboaren ordez “-LA” erabiltzean datza. Adibidez:
*Pastelak ekarri dituzula norentzat dira? TXARTO
Ekarri dituzun pastelak norentzat dira? ONDO
*Mutil bat etorri da zu ezagutzen zaituela TXARTO
Zu ezagutzen zaituen mutil bat etorri da ONDO
Mutil bat etorri da, zu ezagutzen zaituena ONDO
*Eskolan badago mutil bat ingelesez dakiela TXARTO
Eskolan badago ingelesez dakien mutil bat ONDO
Eskolan badago mutil bat, ingelesez dakiena ONDO
Beste akats bat erlatiboaren ordez “-NEKO” menderagailua leku-denborazkoak ez diren kasuetan erabiltzean datza. Adibidez:
*Andonirekin mintzatzen ari deneko neska nor da? TXARTO ("neska" ez da ez lekua ez denbora)
Andonirekin mintzatzen ari den neska nor da? ONDO
*Hor jesarrita dagoeneko hori koldoren laguna da TXARTO ("hori" ez da ez lekua ez denbora)
Hor jesarrita dagoen hori Koldoren laguna da ONDO
Euskaraz, inguruko hizkuntzetan ez bezala, ondokoan izenordain pertsonalen ordez, erakusleak erabiltzen dira. Adibidez:
*Eskutitz hau izenpetzen dudan nik… TXARTO
Eskutitz hau izenpetzen dudan honek… ONDO
*Enpresako zuzendaria zaren zuri zuzentzen natzaizu… TXARTO
Enpresako zuzendaria zaren horri zuzentzen natzaizu…ONDO