Sintaxia
3. Erlatibozko esaldiak
Izenlagunaren funtzioa betetzen duten perpausak dira. Hona hemen erlatibozko egiturarik ohikoenak:
- -(e)N
- -(e)NEKO
- -TAKO / -RIKO
- ADITZ PARTIZIPIOA
- ZEIN(a)… BAIT-
- BAIT-
- Erlatibozko zenbait esapide
1. -(e)N
Hauxe dugu gehien erabiltzen den egitura
- Zure ondoan dagoen mutila nire anaia da (zure ondoan dagoena nire anaia da)
- Gaur etorri ez den neska nire ahizpa da. (gaur etorri ez dena nire ahizpa da)
2. -(e)NEKO
Egitura hau lekua zein denbora adierazteko erabiltzen da soilik
- Hauxe duzu ni txikitan bizi nintzeneko etxea (lekua: etxea)
- Oroitzen zara Urbasan galdu gineneko egun hartaz? (denbora: eguna)
- Gogoratzen duzu Aitor uretara jausi zenekoa? (denbora: eguna)
3. -TAKO / -RIKO
Egitura hau ekintza burutuak adierazteko erabiltzen da soilik
- Orain arte egindako guztiak ez du ezertarako balio
- Hori berak asmaturiko zerbait da
4. ADITZ-PARTITZIPIOA
Egitura hau iparraldean erabili ohi dute ekintza burutuak adierazteko
- Amak eman diru guztia gastatu duzu? (iparraldeko ohitura)
- Zer deritzozu berak esanari?
5. ZEIN... BAIT- / ZEIN(a) ... -(e)N
Egitura hau ez da ia inoiz erabiltzen euskara mintzatuan, baina oso baliagarria izan daiteke euskara idatzian, itzulpenetan batez ere. Euskalkien arabera bi erabilera-eredu aurki daitezke: ekialdekoa (nafarrera eta iparraldeko euskalkiak) eta mendebaldekoa (bizkaiera eta gipuzkera)
- Gure aita, zeini naizen guztia zor baitiot, baserritarra zen (ekialdeko ohitura: "ZEIN" mugagabean deklinatzen da eta aditzari "BAIT-" eransten zaio)
- Gure aita, zeinari naizen guztia zor diodan, baserritarra zen (mendebaldeko ohitura: "ZEIN" mugatu singularrean edo pluralean deklinatu eta aditzari -N erantsi)
6. BAIT-
Forma hau batez ere ekialdeko euskalkietan da ezaguna
- Neska hori, Begoren etxean ezagutu bainuen, Jonen arreba da (ekialdeko euskalkietan)
7. BESTE ZENBAIT ESAPIDE
Maiz galdetzailea eta erakuslea (edo erakusleetatik eratorritako adberbioa) erabiltzen dira erlatiboaren ordez
- Non hasi, hantxe amaitu beharra dago (hasten den tokian amaitu behar da)
- Eguzkia nora, zapiak hara (zapiak eguzkia doan tokira joaten dira)
- Umeak zer ikusi, hura ikasi (umeak ikusten duena ikasten du)
Testu honen jatorria: Euskal Gramatika Osoa. Didaktiker SA, Bilbo 2000