Sintaxia

2. Konparatiboak

KONPARAZIOZKO PERPAUSAK (birpasa)

Konparaziozko perpausak, izenak adierazten duenez, konparazioak egiteko erabiltzen dira.

Berdintasuna

Berdintasunezko konparazioetan bi egitura hauek erabiltzen dira: -N BEZAIN eta -N BESTE (ADINA)

-N BEZAIN

Berdinak diren osagaien arteko nolakotasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da egitura hau. Hona hemen eskema bat: A + B + (-N) BEZAIN + ...

Egitura hau adjektibo zein adberbioekin erabil daiteke. Ikus dezagun zenbait adibide:

  • Miren ez da dirudien bezain gogorra (adjektiboarekin)
  • Egia esan, ez da espero nuen bezain ondo geratu (adberbioarekin)

Maiz, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Adibidez:

  • Ni ez naiz zu (zaren) bezain altua
  • Gaurko partidua ez da lehengo egunekoa (izan den) bezain ona izan
  • Hauek besteak (diren) bezain txarrak dira
  • Niri ez zait zuri (geratu zaizun) bezain ondo geratu
  • Ez zaigu nahi (genuen) bezain ondo atera


Zenbaitetan, bezain bi adjektiboren arteko konparazioa egiteko erabiltzen da. Adibidez:

  • Bere begiak bizi bezain alaiak ziren = Bere begiak biziak bezain alaiak ziren (Lehen adjektiboa mugagabean zein mugatuan joan daiteke)

-N BESTE

Berdinak diren bi osagairen arteko zenbatasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da egitura hau. Hona hemen eskema bat: A + B + (-N) BESTE + ...

Beste-ren atzetik dagoen hitza mugagabean jartzen da. Bestalde, Beste-ren ordez, ADINA ere erabiltzen da.

  • Behar duzun beste har dezakezu, sobera dago eta
  • Ez da nik espero nuen adina jende etorri
 

Sarritan, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Adibidez:

  • Nik ez dut zuk (irabazten duzun) beste diru irabazten
  • Etxean hemen (daukadan) adina liburu daukat

Izen neurgaitzen kasuan, beste hitzak "-ko" atzizkia hartzen du, besteko emanez. Hona hemen zenbait adibide:

  • Horrek zuk besteko indarra dauka
  • Guk zuk besteko interesa daukagu horretan
  • Goazen kanpora, hemen ez dago behar besteko argitasunik eta
 

Era berean, besteko-ren ordez adinako ere erabil daiteke.

  • Ezin esan adinako beldurra pasa dut autoan
  • Horrek ez dauka behar adinako esperientziarik hori egiteko

Ohar zaitez egitura honetan besteko-ren atzean dagoen izen-sintagma mugatuan deklinatzen dela baiezkoetan.

Desberdintasuna

Desberdintasunezko konparazioetan bi egitura hauek erabiltzen dira: -N BAINO ... -AGO eta -N BAINO GEHIAGO/ GUTXIAGO.

-N BAINO ... -AGO

Egitura hau nolakotasunezko konparazioak adierazteko erabiltzen da honako eskema honen arabera: A + B + (-N) BAINO ... -AGO
Adjektibo eta adberbioekin erabil daiteke. Adibidez:

  • Uste genuen baino luzeagoak dira (adjektiboarekin)
  • Nire ustez, zegoen baino txartoago utzi dute (adberbioarekin)

Sarritan, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz:

  • Ni zu (zaren) baino altuagoa naiz
  • Gaur atzo (nengoen) baino lasaiago nago

Konparatzen ari garen osagai bien arteko aldea azpimarratu nahi denean, askoz (ere) esapidea tartekatzen da. Adibidez:

  • Uste nuen baino askoz (ere) garestiagoak dira (Son mucho más caros que lo yo creía)
  • Gaur atzo baino askoz (ere) nekatuago nago (Estoy mucho más cansada que ayer)

Batzuetan, konparazioaren osagaiak galdetzaile batek ordezkaturik agertzen dira. eskuarki, zein eta nor galdetzaileak erabiltzen dira, eta deklinatuta ager daitezke. Adibidez:

  • Alaba bi zeuzkan, zein baino zein politago (Tenía dos hijas, a cada cual más hermosa)
  • Pilotari biek nork baino nork hobeto jokatu dute (Los dos pelotaris han jugado a cada cual mejor)


-N BAINO GEHIAGO / GUTXIAGO

Egitura hau zenbatasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da. Hona hemen eskema: A + B + (-N) BAINO GEHIAGO edo
A + B + (-N) BAINO GUTXIAGO. Adibidez:

  • Hemen, dirudien baino diru gehiago dago
  • Uste genuen baino jende gutxiago etorri da

Maiz, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz:

  • Nik zuk (daukazun) baino diru gehiago daukat
  • Gaur atzo (etorri zen) baino jende gutxiago etorri da

Zenbaitetan, egitura hau deklinatu egiten da. Halakoetan, kasu-markak gehiago eta gutxiago zenbatzaileen atzean jartzen dira eta mugagabean. Adibidez:

  • Espero nuen baino jende gutxiagok deitu du
  • Bati baino gehiagori galdetu diot, baina inork ere ez daki
  • Behin baino gehiagotan esan diot, baina alferrik
  • Horrekin baino gutxiagorekin ere konformatzen naiz

Bestalde, konparatzen ari garen osagai bien arteko aldea azpimarratu nahi denean, askoz (ere) esapìdea tartekatzen da. Adibidez:

  • Horrek nik baino askoz (ere) diru gehiago irabazten du (Esa gana mucho más dinero que yo)
  • Atzo gaur baino askoz (ere) jende gutxiago etorri zen (Ayer vino mucha menos gente que hoy)

Zenbat eta ...-ago, orduan eta ... -ago

Egitura hau elkarrekin erlazionaturik dauden osagai biren arteko konparazioak egiteko erabiltzen da; hau da, lehen osagaiak bigarrenean eragiten duenean. Adibidez:

  • Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakit (Cuanto más estudio, menos sé)
  • Zenbat eta urduriago egon, orduan eta okerrago (Cuanto más nervioso, peor)

Lehen osagaiko aditz laguntzailea agertzen denean , honek "-n" edo "bait-" menperagailuak hartzen ditu. Adibidez:

  • Zenbat eta zaharragoa den, orduan eta okerrago portatzen da
  • Zenbat eta beranduago baita, orduan eta arrisku handiagoa dago

Egitura honen ordez, beste aldaera batzuk erabiltzen dira. Adibidez:

  • Zenbat eta gutxiago esan, hainbat eta arazo gutxiago
  • Zenbat eta gazteago izan, hainbat (eta) hobeto

Ez nahastu gero eta egiturarekin; gero eta ezaugarri bakar bat denboran zehar aldatzen dela adierazteko erabiltzen da, baina ez bi osagairen artean konparaziorik egiteko.

  • Gero eta beranduago etortzen zara
  • Gero eta lan gehiago eginarazten digute

Iturria: EUSKAL GRAMATIKA OSOA