Irakaslearen gida: Merke-merke
Gunea: | Santurtziko Udal Euskaltegia |
Ikastaroa: | Literatura ikasgelan |
Liburua: | Irakaslearen gida: Merke-merke |
Nork inprimatua: | Gonbidatua |
Data: | Wednesday, 2024(e)ko Decemberren 4(e)an, 20:16(e)tan |
Deskribapena
Merke-merke ipuinaren lanketarako gida didaktikoa
1. Literatura ikasgelan proiektua
Literatura ikasgelan izeneko proiektuaren helburu nagusia literatura euskara-ikasleei hurbiltzea da, literatur testuez gozatu eta hizkuntza aberasteko. Ez da literatura edo kritika ikastaro bat, baizik eta literaturara atseginez hurbiltzeko ahalegina.
Hainbat literatur testuren lanketaren bidez (gehienetan narrazioak izango dira), literatura irakurtzea atsegina izan daitekeela eta literatur lanak irakurtzea ez dela lan aspergarri eta nekagarria erakutsi nahi da.
Honako puntu hauetan oinarritzen da proiektua:
- Literaturaren irakurketa erronka kognitiboa da, zailtasunei aurre egin eta borroka horretatik plazerra lortzea. Era askotakoa izan daiteke erronka: istorioarekin lotutakoa edota narrazioaren osagaien ingurukoa. Literatura zaleak bilatu egiten ditu erronka horiek eta horiek gainditzeko egin behar duen esfortzuak plazerra ekartzen dio, kirolariei gertatzen zaien bezalaxe.
- Literaturaren lanketak lagundu egin dezake ikasleen gaitasun komunikatiboa areagotzen. Literaturak jolastu egiten du hizkuntzarekin eta komunikazioa hizkuntzaren erabilera arrruntak ez bezalako oinarriekin lortzen du. Hizkuntzaren erabilera ezberdinek elikatu egiten dute elkar eta erabilera guzti horiek garatu egiten dute gaitasun komunikatibo orokorra.
Beraz, material hauen bitartez hainbat helburu lortu nahi ditugu:
- Literatur testuen irakurketak plazerra sortzea.
- Ulermenerako gaitasuna areagotzea.
- Testuen ezaugarriak eta antolaketa ezagutzea.
Horretarako, ondorengo prozedurak erabiliko ditugu:
- Narrazio bakoitzaren osagai testualen analisia.
- Osagai bakoitzaren erabilera arrunta eta erabilera literarioa.
- Erabilera literario horrek ulermenean duen eragina.
Hona hemen lanketarako aukeratu ditugun narrazioaren osagaiak:
- Ikuspuntua eta narratzailea
- Pertsonaiak
- Denbora
- Lekua
- Istorioa
Aldian-aldian argitaratuko dugu atal berria.
1.1. Hartzaileak
Hainbat izan daitezke hartzaileak:
- Europako Erreferentzia Markoaren C1 mailako ikasleak. Dakigunez, C1 maila EGA, HABEren hirugarren maila edo IVAP-HAEEko hirugarren hizkuntz eskakizunarekin parekatzen da.
- Batxilergoko ikasleak
1.2. Erabilera
Ikas-material hauek literatur testu batzuen lanketarako proposamenak dira. Materialak lau ataletan daude egituratuta:
1. Egilea
Egilearen inguruko hainbat argibide eskainiko dira eta ikasleei informazio hori osatzeko eskatuko zaie foro baten bitartez.
2. Ipuinaren irakurketa
Hauxe da gai bakoitzean bloke nagusia. Proiektu honen helburuari jarraiki, bi irakurketa-mota eskatuko zaizkio ikasleari. Lehehengoan, ipuina izango du ikasleak bere horretan irakur dezan. Izango dituen arazoak aurreikusita, bigarrenean irakurketa gidatua eskaintzen zaio. Bloke nagusi hau irakurri bitarteko iruzkinak (arazoak, iritziak, usteak...) egiteko foro batekin osatzen da.
3. Ipuina irakurri ondoren
Irakurketa-prozesua eta lortutako emaitza aztertzeko foro bat proposatzen da atal honetan. Bestalde, molde bereko beste lan batzuk (irakurgai, filma...) eskainiko zaizkio ikasleari aztertutakoan sakon dezan.
4. Material osagarriak
Bigarren atala (ipuinaren irakurketa) aberastera eta kontestualizatzera dator. Hainbat baliabide eskainiko dira bertan gaiarekin, baliabide diskurtsiboarekin... lotuta. Hauen erabilera aukerakoa da eta beste batzuk erabil daitezke horien ordez.
Jakina, hauek ez dira hurrenez hurren erabili beharreko ikas-unitate itxiak. Are gehiago, komeniko litzateke irakasleak tokian tokiko erralitatera egokitzea, eta hartara, ariketa batzuk aldatu, kendu, bestelakoa gehitu... bere ikasleen beharrei erantzute aldera.
Ikas-material hauek erabiltzeko, ikastaroa jaitsi egin behar da, zatika edo osorik, eta nork bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili.
1.3. Formatua
Literatura ikasgelan proiektua osatzen duten ikas-materialek Moodle plataformaren ikastaro-formatua dute. Ikastaroa gaika antolatuta dago: literatur testu bakoitzak gai bat hartuko du.
Ikastaroa osorik edo gaika jaitsi daiteke eta aurreko atalean esan bezala, erabili nahi duenak jaitsi ondoren bere plataforman berreskuratu eta bertan erabili behar du. Santurtziko Udal Euskaltegiaren gune honetan ez da ikastaroa emateko modurik izango.
Ondokoak dira betekizun teknikoak:
- Moodle-ren 2.0 bertsioa derriogorrezkoa da
- Ikastaroko fitxategiak bilgunea gaituta egon behar da
- Book edo liburua modulu ez-estandarra instalatuta egon behar da
Horrez gain, .odt nahiz .pdf formatuetan ere eskura daitezke.
Materialak hemen jaitsi ahal dira.
2. Merke-merke
Merke-merke Xabier mendigurenek idatzitako ipuina da. Lehen aldiz Susa aldizkarian eman zen argitara 1990ean, eta gero Hamalau izeneko liburuan, 1992an.
2.1. Ipuinaren ezaugarriak
Merke-merke ipuina narrazio polifoniko edo korala da: errealitate bera ikuspuntu desberdinetatik jasotzen dugu. Horregatik, askotan oso zaila da zehaztea parrafo bakoitzean zein den narratzailea, bestetan, ordea, errezago. Horrela, narrazioan zehar lehen pertsonan hitz egiten duten zenbait narratzaile agertzen dira:
- Miel Angel
- Jexux
- Joxe Fermin
- Manuel Mari
Narrazioak, bestalde, ahozko elkarrizketa baten transkzioa da: lehen pertsonako narratzaile hauek beste batekin hitz egiten dute, berorren galderak edo pasarte-zatiak testuan agertu ez arren. Horregatik, ipuinean zehar ahozko hizkera erreproduzitu nahi du egileak. Esplizituki ez da esaten zein den solaskidea.
Ipuina ulertu ahal izateko, garrantzizkoa da narratzaile-aldaketaz konturatzea. Nolabait esateko, istorio beraren pasarteak narratzaile ezberdinek kontatzen dizkigute eta irakurleen lana, irakurle aktiboak garen aldetik, istorio-puska horiek jaso eta puzzlea osatzea da.
Ikasleen ikuspuntutik, horren zailtasuna agerikoa da.
- Ohiko narrazioetan narratzaile bakar bat izaten da. Honetan, berriz, narratzailea ez da bakarra, hainbat dira eta guztiek erabiltzen dute 1. pertsona narrazioari ekiteko. Hizkuntzaren ohiko erabileran, narratzailea bakarra da eta erabiltzen duen "ni" hori beti da bera. Irakurleak ez du, beraz, inongo ahaleginik egin behar behin narratzailea identifikatuta duenetik.
- Bestela gertatzen da, ordea, Merke-merke ipuinean. Zati guztietan "ni" hori agertuko da baina bakoitzean "ni" ezberdina izango da. Irakurleak jabetu behar du hainbat narraitzaile dituela eta gertakari berberak ari direla kontatzen narratzaile guztiak. Gertakari bera hainbat kamerarekin grabatuta ikusiko bagenu bezalexe, gertakari beraren narrazio ezberdinak egiten dituzte "ni" ezberdin askok.
2.2. Lanketa
Honako jarduera hauek proposatu ditugu:
Egilea
- Zer dakizu Xabier Mendigurenez?
Foro honen bidez lan kolaboratiboa bultzatu nahi dugu. Ikaslearen interesa piztu nahi dugu han-hemenka aurkitutako informazioa gainontzekoekin konparti dezan.
Ipuinaren irakurketa
- Merke-merke ipuina irakurri
Ipuina eskaintzen zaio bere horretan ikasleari irakur dezan. Inongo laguntzarik gabe. Gure hipotesiaren arabera, ikasleak zailtasunak izango ditu narraitzaile asko dagoela konturatzeko eta nor den nor jakiteko. Zailtasun horiek bultzatuta, etsi egiten dute ikasleek eta ez dute literaturarekiko zirrararik sentitzen.
- Irakurri bitarteko iruzkina izeneko foroa
Foro honetan plazaratu nahi ditugu ipuina irakurri bitartean eta irakurritakoan ikasleak izan dituen zailtasunak, sentitu duena, gustuko izan duena... Ikasleak egindakoa eta lortutakoaren irudi bat egin nahi dugu aurrerantzean egin beharreko lana definitzen laguntzeko.
- Irakuketa gidatua
Lehen irakurketan izan dituen arazoak gainditzeko irakurketa gidatua eskainiko zaio ikasleari. Bertan arazoa identifkatzen eta narraitzaile askoran ahotsek sortzen dituzten arazoak nola gaindi daitezkeen erakutsi nahi diogu. Helburua hauxe da: literatur-testuak dituen ezaugarriak gainditzeak plazerra sortzen duela ikustaraztea.
Ipuina irakurri ondoren
- Zer deritzozu ipuinari?
Bertan ikasleen iritzia jaso nahi dugu, bai ipuinari buruzkoa bai egindako lanari buruzkoa. Horren oinarri argitaratutako kritika bat izango da.
- Era honetako beste batzuk
Ikasleak testuaren ezaugarri bera duten beste testu edo filma batzuk izango ditu eskura gustuko izan badu horiekin atsegin hartzeko edota erabilitako teknika probatzen jarraitzeko.
Material osagarriak
- Bil ditzagun hitz ezezagunak
- Narrazioaren osagaiak: narratzailea
- Eta ipuin honetan?
- Laburpen gisa