Irakaslearen gida
Gunea: | Santurtziko Udal Euskaltegia |
Ikastaroa: | Moodle-ren erabilera aurreratua |
Liburua: | Irakaslearen gida |
Nork inprimatua: | Gonbidatua |
Data: | Thursday, 2024(e)ko Novemberren 21(e)an, 19:25(e)tan |
Deskribapena
Hemen ikastaro honen helburuak eta edukiak dituzue
1. Ikastaroaren planteamendua
Moodle ikasgela birtualak sortzeko web aplikazio ezagunenetakoa da gaur egun. Hezkuntza-testuinguru guztietan ari da erabiltzen eta gero eta zabalkunde handiagoa du nazioartean nahiz gurean.
Ikastaroa Moodle-ren erabileran oinarrizko ezagutza duten irakasleei zuzenduta dago. Ikastaroaren amaieran parte hartzaile bakoitzak bere jakintza-esparruko ikasgai bat molde birtualean eskaini ahal izateko ikastaroa sortu beharko du. Hori dela-eta, ikastaroa sortu eta kudeatu ahal izateko baliabideak eta tresnak landuko dira.
Ikastaroa emateko Moodle-ren 2.1 bertsioa erabiliko da.
Ikastaroa modu askotan plantea daiteke: on line, semipresentziala edo aurrez aurrekoa. Aukeratzen den moldearen arabera, irakasleak beharrezko aldaketak egin beharko ditu.
2. Helburuak
- Moodle plataformaren oinarri pedagogikoak ezagutzea
- Birtualitatean erabili beharreko estrategia didaktikoez hausnarketa egitea
- Moodle-k ikastaroak sortzeko eskaintzen dituen tresnak erabiltzea
- Parte hartzaileei Moodle modu autonomoan erabiltzen ikasi ahal izateko baliabideak eskaintzea
3. Edukiak
Moodle-ren ezaugarriak
- Oinarri pedagogikoak dituen aplikazio telematikoa
- Testuinguruak, rolak, gaitasunak eta baimenak
Ikastaroa diseinatzeko tresnak
- Ezarpen orokorrak: ikastaro-formatuak, taldeak, osaketaren jarraipena
- Ikastaroaren diseinua: itxura eta egitura
Komunikazioa bultzatzeko tresnak
- Komunikazio-estrategiak birtualitatean
- Foroak: motak eta erabilera-baldintzak
- Blogak: izaera eta erabilera
- Inkestak
Informazioa emateko tresnak
- Informazioa emateko estrategiak birtualitatean
- Blokeak: HTML, blog-menua, etiketak...
- Biltegiak: fitxategi pribatuak, ikastaroko fitxategiak, Google Docs, Youtube bideoak...
- Orriak
Edukiak lantzeko tresnak
- Ezagutzak eraikitzeko estrategiak birtualitatean
- Ikasgaia
- Galdera-bankua eta galdetegiak
Ebaluazioa egiteko tresnak
- Ebaluaziorako estrategiak birtualitatean
- Kalifikazio-liburua
- Eskalak
- Txostenak
4. Metodologia
Ikastaroa bost saiotan banatuko da eta horietako bakoitzean honako egitura didaktiko hau errepikatuko da:
- Autoebaluazioa
- Lanketa
- Praktika
- Hausnarketa
- Autoebaluazioa
Horren bitartez, epe luzera begirako helburu bat bultzatu nahi dugu: ikasleen ikas-prozesu autonomoa mesedetzea.
Horretarako, nork bere kasa ikasten segitu ahal izateko baliabideak eskaini nahi ditugu.
5. Ebaluazioa
Ikastaroaren ebaluzioa bi modutan egingo dugu:
Autoebaluazioa
Moodle-ren erabiltzaile aurreratu batek lortu beharreko gaitasunak irakaslea rolaren baimenetan oinarrituta definitu dira eta can do edo gai naiz moldera ekarri ditugu. Autoebaluaziorako galdetegian, beraz, ondorengoak lortzea nahi dugu:
- Lortu beharreko gaitasun guztien berri izatea
- Edozein unetan irizpide ezagun eta ulergarrien bidez nork bere aurrerapena ebaluatu ahal izatea
- Ikastaroa bukatuta, ikas-prozesuarekin aurrera egiteko bitartekoak eskuratzea.
Atal honek 0-1 puntuko ibilartea izango du kalifikazio-liburuan eta ikastaro-bukaeran nork bere buruaren ebaluazioa egin ondoren gehituko da.
Irakasleen ebaluazioa
Ebaluazio-molde honek 3 atal nagusi ditu:
- Partaidetza. Atal hau 0tik 2ra puntuatuko dugu eta bertan, batez ere, Jardueren foroan egindako lana baloratuko dugu.
- Lehen, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren saioak. Saio bakoitzean egindako lanak bere puntuazioa du eta saio bakoitza, denera, 0tik 1era egongo da puntuatuta.
- Hausnarketa. Atal hau ikastaroan zehar egindako hausnarketa ebaluatzeko erabiliko da eta 0tik 2ra puntuatuko da.
Atal honek 0-9 puntuko ibilartea izango du kalifikazio-liburuan. Saio bakoitza amaitutakoan gehituko da horri dagokion kalifikazioa eta partaidetza eta hausnarketa atalekoak ikastaroa amaitu aurreko astean.
Ikastaroa gainditzeko beharrezkoa izango da:
- Partaidetza atalean gutxienez puntu 1 lortzea
- Hausnarketa atalean gutxienez puntu 1 lortzea.
- Guztira 6ko puntuazioa lortzea
5.1. Autoebaluazioa
6. Ikastaroaren osaketa
Ikastaro honetan Moodle-ren osaketa-funtzioa gaituta dago. Horrela, ikastaroaren hasiera-orriko baliabide edo jardueretako eskuin-aldean kutxatxo bat azalduko da, zer egin duzun eta zer falta duzun adieraziko dizuna.
Bi modutan ezar daiteke jarduera bat osatutzat:
- Zenbait jarduera irakasleak (edo sistemak) kalifikatu behar ditu osatutzat emateko. Horiek lanketa eta praktika ataletakoak dira.
- Beste zenbaiten kasuan, berriz, ikasleak eskuz markatu behar du osatutzat, egoki irizten dionean. Horiek Gure ikastaroaren diseinua eta Autoebaluazioa ataletakoak dira.
Aurrekoaz gain, ikastaroaren hasiera-orriko eskuin-aldeko zutabean Ikastaro-osaketaren egoera izeneko blokea azaltzen da. Bertan sakatuz gero, egindakoa eta egin gabekoaren ikuspegi orokorra izateko modua izango duzu.
7. Iraupena eta aldiak
Hona hemen geuk proposatzen duguna: on-line izatea baina hasiera eta amaierako saio presentzialak izatea
Iraupena: 30 eskola-ordu, honela banatuta:
Hasierako saio presentziala
- 2 ordu: data ipini hemen
Saio birtualak
- 26 orduko lana on-line (datak ipini)
- Lehen saioa
- Bigarren saioa
- Hirugarren saioa
- Laugarren saioa
- Bosgarren saioa
Amaierako saio presentziala
- 2 ordu: data ipini hemen
8. Dokumentazioa
Hona hemen ikastaroan zehar lagungarri izango dugun dokumentazioa:
Moodle-ren 1.9 bertsiora artekoa
- Larretxea, X; Ezeiza, J; Camacho, A. eta Lonbide, P (2007): Moodle. Irakaskuntza-ikaskuntzarako plataformaren esku-liburua
- Moodle-ren dokumentazio ofiziala: Moodle Doc-ak euskaraz proiektuaren Irakaslearentzako dokumentazioa
- Moodle-ren ezaugarri nagusiak izeneko demostrazio-ikastaroa
- Moodle 1.9ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa
Moodle-ren 2.0 bertsioari buruzkoa
- Camacho, A.; Lonbide, P. (2010): Moodle 2.0: ikasgela birtualetik ikasteko ingurune pertsonalera
- Bideo-formatuan:
- Moodle-ren dokumentazio ofiziala: Moodle 2.0
- Moodle 2.0ren oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa
9. Praktikak
Praktikak egiteko, partaide bakoitzak ikastaro bat izango du. Horretan irakasle rola izango du.
10. Komunikaziorako tresnak
Hona hemen ikastaroan zehar erabiliko ditugun komunikazio-tresna nagusiak:
Ohar-taula: foro hau tutoreek baino ez dute erabiliko. Funtzio nagusia ikastaroan zehar burutu beharreko jardueren berri ematea izango da. Horregatik, bereziki gomendatzen dizuegu mezu hauek arretaz irakurtzea.
Jardueren foroa: foro hau ikastaroan zehar hainbat lan egiteko da: jarduera batzuk burutzeaz gain, galderak eta kezkak plazaratzeko gunea da.
Kontu-kontari: foro hau guztion arteko hartu-eman informaletarako da. Bertan, jarduera akademikoarekin zerikusi zuzena izan ez arren, edozein ikas-egoeratan behar-beharrezkoa suertatzen den komunikazioa bultzatuko dugu.
Nire egunkaria: tresna hau autoebaluazioa egiteko erabiliko dugu. Ikasleek saioz saio gehituko dute bertan saio horretan ikasitakoa, ikasi gabekoa, izandako zailtasunak, sortutako kezkak... Horretaz gain, norberaren egoeraren eta sentipen berri ere eman dezakete bertan irakasleekin konpartitzeko. Hausnarketarako bide izan nahi du tresna honek eta ikaskuntza-prozesuan lagungarri. On-line moldeko zeregina erabili dugu jarduera honetan
11. Betekizun teknikoak
Ikastaro hau Moodle 2.0 bertsioetarako dago diseinatuta. Ondoko ezarpenak gaitu behar dira plataforman nahiz ikastaroan:
Plataformaren ezarpenak
Funtzio-aurreratuak
- Etiketen funtzionalitatea gaitu
- RSS jarioak gaitu
- Bloga ikusi: edozeinek ikus ditzake mundu osoarentzat argitaratutako sarrerak
- Osaketaren jarraipena gaitu
Pluginak > Jarduera-moduluak > URLa
- Erakusteko aukerak: automatikoa, enbotatu, leiho berria, zabaldu eta pop-up
Pluginak > Biltegiak > Biltegiak kudeatu
- Fitxategi pribatuak: gaituta eta ikusgai
- Ikastaroko fitxategiak: gaituta eta ikusgai
- Youtube bideoak: gaituta eta ikusgai
Ikastaroaren ezarpenak
- Ikastaroko fitxategiak gaituta
- Ikaslearen aurrerapena > Gaituta, osaketa eta jardueren ezarpenetatik kontrolatua
Ikastaroa berreskuratu
Ikastaroa berreskuratzean, hainbat arazo sor daitezke. Hona hemen horietako batzuk:
- Komunikaziorako tresnak, ikastaroaren gida eta autoebaluaziorako galdetegia ikastaroaren zortzigarren gaian daude, ikasleek ezin ikusi duten lekuan, alegia. Berreskuratzean gerta liteke horietarako estekaren bat ez ibiltzea. Kasu horretan, ikastaroaren ezarpenak editatu behar lirateke eta Aste/Gai-kopurua aukeran 8 ipini. Konpondu beharrekoak konpondutakoan, gure gomendioa da atal hori berriz ere ezkutatzea ikasleei.
- Behin ikastaroa berreskuratuta, irudiak berez duten tamainan agertu ahal dira.
- Praktiketarako ikastaroak sortu behar dira (bat ikasleko). Horietako bakoitzean ikasle bati irakasle rola esleituko zaio eta gainerakoei ikasle rola.
- Estekak egiaztatu Santurtziko Udal Euskaltegiaren ikastarora joan ez daitezen.
- Sintesirako dokumentuak berridatzi behar lirateke ikastaro berrian gertutakoak ikusi ondoren.