Ohar batzuk ebaluazioaz
4. Ebaluazio-motak
4.2. Ebaluazio formatiboa
Ebaluazio formatiboa irakatsi eta ikasteko prozesuetan zehar burutzen da, eta parte hartzen duten agente guztien gainean, pertsonak -irakasleak, ikasleak, e.a.- izan ala izan ez -metodoak, programak, baliabideak, e.a.-. Horren helburua da horietako bakoitzaren hobekuntza mesedetu ahal izateko erabakiak hartzea.
Ikus ditzagun ebaluazio formatiboak irakasleari begira dituen hainbat inplikazio:
- Ebaluazioa prozesu kurrikularraren barruan integratu beharra
- Ikas-prozesua eta ikaslearen aurrerapena etengabean behatzea
- Behaketaren ondorioz lorturiko datuei esker, jardun didaktikoa eta ikas-prozesua hobetzeko erabakiak hartzea
- Erabaki horien funtsa prebentiboa izango da zeren, erabakiak berehalakoak izanik, errekuperatze-prozesua mesedetuko dute.
- Ikasleaz gain, beste zenbait alderdi ere ebaluatu beharko du: ikas-materialak eta horiei egin beharreko aldaketak, programa hobetu...
Azken finean, Mendozari jarraiki (1997), helburua da irakaslea bere jardueraren analisi erreflexibo eta kontzientean inplikatzea, bai eta bere hezkuntza-praktikaren kaliateari eragiten dioten aldagaietan ere.
Edukiei eta helburuei dagokienez, badirudi nahiko argiak eta esplizituak behar dutela izan. Horrela, modua izango dugu horien argitan ikaslearen egoera eta maila kontrastatzeko, zailatsun ohikoenak detektatzeko eta, behar izanez gero, edukiak eta helburuak aldatzeko.
Ebaluazio fomatiboaren barruan erabil daitezkeen tresnak kuantitatiboak zein kualitatiboak izan daitezke.
Bukatzeko esan, ebaluazio sumatiboa / ebaluazio formatiboa binomioa dela-eta, sarritan aipatzen da formatiboa prozesuari dagokion bitartean, sumatiboa produktuari dagokiola. Gainera, esana dugu dagoeneko, biak direla beharrezkoak eta osagarriak.