Ahozkoaren ulermena

Ahozkoaren ulermena, irakurmenaren kasuan bezalaxe, ezin da diskurtsoa osatzen duten unitate linguistikoak atzematera mugatu, askoz ere prozesu konplexuagoa baita.

Ahozkoaren ulermen-prozesuan parte hartzen duten osagaietako batzuk, besteak beste, honako hauek izango lirateke: unitate eta blokeen atzematea, hipotesien formulazioa, aurrerapena eta interpretazioa.

Hemen unitate eta blokeen atzematea jorratuko dugu bereziki, gainontzekoen aipu labur batzuk bakarrik eginez. Izan ere, irakurmenaren atalean luze jardun dugu horien gainean.

Ahozkoaren ulermenean ez da behetik gorako prozesurik gertatzen, goitik beherakoa baizik. Esana dugunez, behetik gorako prozesuen bitartez irakurleak grafemak identifikatzen ditu lehenengoz, gero hitzak eta sintagmak, eta perpausak azkenean. Entzulea, ordea, ez dago hotsekin zuzenean kontaktuan, eta beraz, ez ditu hotsak lehenengoz identifikatzen, gero hitzak osatu ahal izateko, eta azkenik hitzei esker enuntziatuak osatu eta ulertzeko. Bestela gertatzen da ahozkoaren ulermenean: entzuleak bloke esanguratsuak —talde fonikoak— atzematen ditu, gero bloke horiek dauzkaten enuntziatuak, eta azkenik, enuntziatua osatzen duten hitzei erreparatu (Cantero, 1998:145).

Horiek horrela, azpimarratzekoa da ahozkoaren ulermena ez dela lineala (unitateak hurrenez hurren identifikatzea), globala baizik: entzuleak enuntziatuaren zentzua ulertzen du, nahiz osatzen duten unitateen ulertze espezifikoa gertatu ez (op. cit.). Canterok, adibide gisa aipatzen du horregatik enuntziatu bat ulertuta ere, gero ezin izaten dugula askotan hitzez hitz errepikatu, edo hitzen bat ulertu ez arren, ez dugula mezua ulertzeko arazorik.

Hipotesiak direla-eta, irakurmenaren atalean esanikoaz gain, ahozkoaren ulermenari gaineratzen zaizkio ahozko interakzioaren berehalakotasuna eta denbora errealean hitz egin / ulertu beharra.

Espektatiben aurrerapena, dakigunez, oso hipotesi zehatzak dira. Ahozkoan gerta daiteke entzuleak espero ez zuena entzun ezean, solaskidearen txanda moztu eta galde egin diezaioke.

Entzumenerako prozedurak

  • Ulermena errazteko asmoz, irakasleak entzun aurretik informazioa eman dezake egoera komunikatiboaz -irratsaioa, solasa...-, testuinguruaz, solaskideen arteko harreman-motaz, gaiaz, e.a. Baita testu-motaz eta testu-eraz ere.
  • Datu horietan oinarrituta, ikasleek entzungo uste dituzten oinarrizko hitzak aurreikus ditzakete, edo solaskideek erabil ditzaketen tratamendu-formulak, e.a.
  • Bideoa erabiliz gero, ikasleak soinurik gabeko irudiak ikus ditzake eta horretan oinarrituta, testuinguru linguistikoa eta situazionala deduzitu.
  • Ulermen intentsiboari dagozkion prozedurak:
    • Testuaren eduki semantikoa antolatu ematen den informazioaren araberako diagramak betez.
    • Egia / gezurra erako galderei erantzun.
    • Argazki edo marrazki baten gainean, informazio erreala bereizi.
    • Entzuketan ematen diren instrukzioei jarraitu.
    • Testuan ematen diren datu zehatzei buruzko oharrak hartu.
  • Ulermen estentsiboari dagozkion prozedurak:
    • Testua esaldi edo ideia orokor batera laburbildu.
    • Mapa baten gainean ibilbide turistikoa osatu testuan oinarrituz.
    • Grafiko baten gainean oharrak jaso testuaren datuetan oinarrituz
  • Ikusitako elkarrizketa batetik informazioa inferitzen ikasi:
    • Solaskideen harremana: gertukoak dira/ hoztasuna/ formalitatea maila
    • Gaia
    • Helburua
  • 10/15 minutuko solasaldi baten erreseina egin: gaia, esatariaren/-en jarrera, helburua...
  • Dokumental baten erreseina egin: gaia, informazioaren antolamendua, balorazioa...
  • Solaskideek esango dutena aurreikusi. Adibidez, eztabaida baten harian solaskide batek ala besteak emango dituen argumentuak aurreikus daitezke.
  • Diskurtso-mota desberdinen ezaugarriak aztertu: antolamendua, baliabideak...
  • Diskurtso jakin baten barruan alderdi desberdinak aztertu:
    • Sarrera- eta amaiera-motak
    • Ideiak uztartzeko baliabideak: arrazoiketa, konparazioa, argudiatze-motak...
    • Loturak, sekuentziazioak, erreferentziak, zitak...
    • Ahozkotasunaren ezaugarriak: errepikapenak, adibideak, berformulazioak...
    • Diskurtsoa, edukia zuzentzeko moduak, haria berreskuratzeko baliabideak...
    • Lexikoa, esamoldeak, modismoak...
  • Funtzio komunikatiboak landu: funtzio-esaldiak, bestelako baliabideak aztertu...
  • Erantzunez landutako entzunketak:
    • Aukera anitzeko galderak erakoak
    • Galdera irekiak erakoak
    • Egia / gezurra erakoak (oso aproposak dira informazio inplizituari buruzko informazioa lantzeko)
    • Koadroak bete
    • Bestelako erantzunak eskatzen dituzten ariketak:
  • Sekuentziak ordenatu
  • Irudiak egin
  • Lan-jarduerak bideratu
  • Entzutezko eta idatzizko kanaletatik jasotako informazioa kontrastatu
  • Ikaskideen artean informazioa osatu
  • Azalpen bat entzun eta laburpen batekin konparatu: esandakoak / esan gabeak atzeman
  • Ikus-entzunezko kanaletatik jasotakoa idatzizko kanaletara ekarri:
    • Pasadizo bat kronika bilakatu
    • Eztabaida batean oinarrituz, solaskide baten argudiatzea defendatuz eta beste batena baztertuz gutuna idatzi.

Iturriak:

Azken aldaketa: Monday, 2014(e)ko Juneren 23(e)an, 10:40(e)tan