Ulermenaren lanketarako markoa

Zertan den

Gaur egun ulermena diogunean, mezuaren esanahia eraikitzeaz ari gara, interpretatzeaz, azken batean. Hori dela-eta, trebetasun erabat aktiboa dela esan dezakegu, interpretatzaileak mezua jasoko badu, testuari (ahozkoa zein idatzikoa) bere ezagutzak eta estrategiak aplikatu behar baitizkio.

Dena dela, interpretazioa (Cantero, 1998:146) negoziatu gabeko esanahia dela esan ohi da, hau da, irakurle edo hiztunak testua irakurrita edo solaskidearen esana entzunda, ulertzen duen ideia izango litzateke, idazle edo solaskidearen asmo komunikatiboarekin bat etor daitekeena ala ez.

Ikus dezagun Mendoza et. al.-ek (1996:240) ulermen-prozesuak azaltzeko proposatutako eredua (moldatua):

Ekidin beharreko erroreak

Alcaraz-ek (1992:100) metodo estrukturaletan ondorengo hutsune larriak azpimarratzen ditu orain gutxira arteko ulermenaren lanketan:

  • Ulermena trebetasun pasibo edo hartzailetzat hartu izana: ikuspuntu honetatik entzuleak edota irakurleak behin fonemak bereizita edo grafemak eta morfemak erlazionatuta, testuaren zentzua hartu edo jaso egingo du, bestelako esfortzurik egin gabe.
  • Aurrekoaren ildotik, ulertzea testu bateko esaldien proposiziozko esanahien interpretazio semantikoa baino ez dela pentsatu izana.

Hori guzti hori, ordea, ez da horren sinplea. Ulermena ez da batere prozesu pasiboa, nahiz ezer ulertu nahian dabilenak ezpainik ez mugitu edo boligrafoa hartu ez: ulermenak era askotako prozesuak (kognitiboak, metakognitiboak, linguistikoak...) abian jartzen ditu nahitaez.

Irakurriaren ulermenari zehazkiago dagokiola , Colomer-ek (1993) beste bi errore azpimarratzen ditu:

  • Eskolak ez du ulertzen irakasten. Irakasleek egiten irakatsi ez dutena ebaluatzen dute, eta ikasleen erroreak mota bereko beste ariketa osagarriekin zuzentzen saiatzen dira.
  • Irakurtzen irakurriz ikasten delako ideia oso zabaldua da: zeregina behin eta berriz errepikatuz, irakurleak irakur-autonomia eskuratuko du.

Sarri askotan gertatutako erroreak ditugu aurrekoak. Ulermena lantzen ari ginelakoan, etengabeko ebaluazioan jarduten genuen, trebetasuna garatu gabe, ulertu duten ala ez behin eta berriro egiaztatuz. Esan bezala, ulertzea interpretazio posiblea egitea da, ez erantzun zuzena asmatzea, okerrak alde batera utzita.

Autonomiaren garapenari dagokionez, egun nahiko argi geratu da ez dela espero izatekoa irakurlea edo entzulea modu autonomoan autonomo bihurtzea .

Lanketarako markoa

Irakurmenaren zein entzumenaren lanketarako markoa, gainontzeko trebetasunetan bezalaxe, gaitasun testualaren garapenetik aztertu behar da, beti ere ahozko eta idatzizko kanalen ezaugarri eta aldeak kontuan hartuta.

Hona hemen, beraz, proposatzen dugun eredua (Camacho & Lonbide, 2000a):

Bibliografia

  • ALCARAZ, E. (1992): “La lingüística y la metodología didáctica de las lenguas extranjeras” in V. García (ed): Enseñanza y aprendizaje de las lenguas modernas. Madrid, Rialp
  • CANTERO, F. J. (1998): “Conceptos clave en lengua oral”, in A. Mendoza (ed.): (1998): Conceptos clave en didáctica de la lengua y la literatura. Barcelona, SEDLL, ICE Universitat de Barcelona, Horsori
  • CAMACHO, A.; LONBIDE, P. (2000a): “Zertan ikasi behar da irakurle trebea izateko?Hizpide 46, 3-14
  • COLOMER, T. (1993): “La enseñanza de la lectura. Estado de la cuestión”. Cuadernos de Pedagogía 216, 15-18
  • MENDOZA, A.; LÓPEZ, A.; MARTOS, E. (1996): Didáctica de la lengua para la enseñanza primaria y secundaria. Madrid, Akal

Iturria: Euskara-irakaslearen Didakteka

Azken aldaketa: Monday, 2014(e)ko Juneren 23(e)an, 10:23(e)tan