Hizkuntz analisirako irizpideak

Nolakoa da, beraz, gelara eraman behar dugun hizkuntz analisia? Zein gramatika-mota? Zein da azterketarako gutxieneko unitatea? Arauen sistematizazioa nola egin? Matte-Bon-ek (1987) español lengua extranjera (E/LE) testuinguruetan, gramatikaren eredu tradizionala azpimarratzen du erabiliena bezala, arreta arazo formaletan baino jarri ez duen eredua, alegia. Honela ikusten du hizkuntzaren ikuspegi hau (59-60 orr.):

(...) el modelo gramatical no deja de preocuparse, casi exclusivamente, por problemas formales; en una concepción del lenguaje que lo ve casi únicamente como la expresión simbólica del mundo y de la lógica aristotélica articulado en frases, y que, en su intento de encontrar a toda costa el mundo de la lengua, se obstina en querer ver en ella una imagen de la realidad y/o de la irrealidad, sin analizar nunca las posibilidades expresivas, las actitudes de quien habla, ni muchos otros fenómenos que suelen ser despachados con una etiqueta o relegados a dominios considerados inexplorables, debido en parte a un afán formalizador/clasificador que nos pide reglas concretas e inmediatas, y que, por miedo a lo desconocido, se autocondena a no rebasar nunca el nivel más superficial y con más contradicciones.

Lehenago esan bezala, badirudi gramatikaren analisi berriak komunikazioan gertatzen diren fenomenoen berri eman behar digula, hizkuntzaren ikuspegi pragmatikoa eskainiz. Ildo honetan, diskurtsoaren analisiak hizkuntzaren ikuspegi pragmatikoarekin bat etorri behar du.

Honako irizpide hauek izango lirateke, beraz, kontuan hartu beharreko batzuk:

Testua / diskurtsoa

Perpausaren esparrua gainditu eta testuarenera igaro beharra ikusten dugu. Gaur egun testua zer den definitzeko adostasun handirik ez badago ere, esan genezake komunikazio-ekintza batean sortzen den hitzezko edozein produkzio osoa dela (Cassany et. al, 1994). Testua kontzeptuaren ondoan diskurtsoarena azaltzen zaigu. Zenbaitentzat diskurtsoa kontzeptu orokorragoa izango litzateke —kontestualizatutako erabilera linguistikoa, ahozkoa zein idatzizkoa— eta enuntziatua zein testua diskurtsoaren analisi-unitateak (Calsamiglia&Tusón, 1999:15-19). Besterentzat, ordea, diskurtso hitza ahozko kodeari dagokion bitartean, testua idatzizkoari dagokio (Alcaraz & Martínez, 1997:185).

Hitzezko produkzioa testutzat jo ahal izateko, testualitatea izan beharko du, hau da, testualitate-ezaugarriak bete beharko ditu, hala hola, egokitasuna, koherentzia eta kohesioa.

  • Egokitasuna hizkuntz aldaeren ezagutza da. Hizkuntza ez da inoiz ere homogeneoa eta horregatik, hainbat aldagairen arabera (komunikazio-egoera, hiztunen arteko harremana, komunikazio-kanala, erregistroa...) aldaerak izango ditu.
  • Koherentziaren izaria semantikoa izanik, testu batean zein informazio eta nolako hurrenkeran agertu behar den esango digu. Hartzaileak koherentzia igartzeko, interpretatu beharra izango du. Izan ere, koherentzia esanahiaren sakoneko antolamenduari dagokio.
  • Kohesioaren izaria, ordea, linguistikoa da, eta funtzioa testuaren enuntziatuak baliabide linguistikoen bitartez lotzea izango da. Hartzaileak konexio linguistikoen sare horri esker testuen kodifikazioa eta deskodifikazioa egiteko modua izango du. Kohesioak, koherentziak ez bezala, agerikoa izan behar du testuan.

Aztergai izango ditugun hizkuntz egitura asko diskurtsoan baino ezin dira aztertu. Izan ere, perpausaren esparrua oso murritz geratzen da benetako komunikazioan suertatzen den funtsezko informazioa jasotzeko, hala nola, igorlea eta hartzailearen arteko harremana, gaia, kanala... Horiek horrela, gure analisiak testuinguru jakin baten barruan kokatzen saiatu behar genuke.

Beraz, testua (ahozkoa zein idatzizkoa) gutxieneko unitate komunikatibotzat jotzen da gaur egun. Testu-tipologiak testuen sailkapenerako marko abstraktuak dira. Horiek, ordea, testu-era jakinetan gauzatzen dira. Honela, bada, narrazioa testu-motetako bat izango da eta horren barruan txistea zein eleberria izango ditugu. Azken hauek testu-erak izango dira.

Testuingurua

Linguistikan, oro har, esan ohi da testuingurua komunikazio-egoera batean solaskideek enuntziatuak ekoiztu eta interpretatu ahal izateko, konpartitzen dituzten ezagutza eta iritzi-multzoa dela (Reyes, 1995).

Hiru testuinguru-mota bereizi ohi dira :

  • Egoera-testuingurua: solasean parte hartzen duten hiztunek ingurune fisikoan duten datu-multzoa izango litzateke. Itxi atea, mesedez enuntziatuan solasa gertatzen deneko lekuan atea izan behar da eta, besteak beste, zabalik egon behar du.
  • Testuinguru linguistikoa (ko-testua): enuntziatu baten aurrealdean eta atzealdean dagoen material linguistikoa izango litzateke.
  • Testuinguru soziokulturala: baldintzapen kultural eta sozialengatik komunikazio-egoera jakinetan zer-nolako hizkuntz erabilerak gertatzen diren argitzen digu. Sarri askotan testuinguru soziokulturalak nola agurtu edo zein erregistro erabili zehaztuko du.

Testuingurua funtsezkoa izango da hainbat prozesu gertatu ahal izateko, hala nola, erreferentzia, inferentzia, presuposizioa... bai eta enuntziatuen esanahi testuala atzemateko ere.

Hiztuna eta solaskidea

Beste irizpide garrantzitsu bat enuntziatzailea (hitz egin edo idazten duena) nor den eta nola eta zertarako ari den aztertzea izango da. Hizkuntzaren sistema lexiko eta deiktikoari esker, norberari buruz hitz egin dezake enuntziatzaileak. Estrategia hauek aztertzeak hizkuntz baliabide askoren analisia mesedetuko dugu (Calsamiglia & Tusón, 1999:133).

Asmo komunikatiboa

Asmorik gabeko ekintza komunikatiborik ez da. Dena delako asmo horrek, neurri batean, formulazio linguistiko jakin batzuk, eta ez beste batzuk, ekarriko ditu. Horregatik, hizkuntz analisietan garrantzi handikoa izango da aztertutako forma horren benetako esanahia, alderdi formal hutsera (gehienetan morfosintaktikoa) mugatu barik. Azken batean, forma bat noiz eta zertarako erabiltzen den, eta noiz beste bat aztertu behar genuke.

Denbora eta espazioa

Esanahi testuala interpretatu ahal izateko, testuko enuntziatuek denboran eta espazioan kokatuko dute entzulea edo irakurlea. Aztertu beharrekoak izango dira, beraz, kokapen hori egiten laguntzen duten baliabide linguistikoak.

 

Bibliografia

  • ALCARAZ, E.; MARTÍNEZ, M. A. (1997): Diccionario de lingüística moderna. Barcelona, Ariel
  • CALSAMIGLIA, H.; TUSÓN, A. (1999): Las cosas del decir. Manual de análisis del discurso. Barcelona, Ariel
  • CASSANY, D.; LUNA, M.; SANZ, G. (1994): Enseñar lengua. Barcelona, Graó
  • MATTE BON, F. (1987): “La gramática en un enfoque comunicativo”. Actas de las Primeras Jornadas Internacionales de Didáctica del Español como L/E”. Madrid, Ministerio de Cultura

Iturria: Euskara-irakaslearen Didakteka

Azken aldaketa: Monday, 2014(e)ko Juneren 23(e)an, 10:06(e)tan