Zer deritzozu ipuinari?

Irakurri berri duzu Xabier Etxanizen Eta begiak itxi zituen ipuina. Foro honetan hainbat gai proposatu nahi dizkizugu eztabaidarako:


Ipuinaren ulermenaz

  • Nola sentitu zara lehen aldiz irakurri duzunean? Ulertu al duzu?
  • Zein zailtasun izan dituzu irakurketan zehar? Nola konpondu dituzu?
  • Zer espero zenuen irakurtzen hasi eta paragrafo batzuetara?
  • Ipuinaren amieran harritu zara? Espero al zenuen amaiera hori? Zergatik?
  • Ipuinean zehar ba al zen daturik horrelako amaiera bat izango zela aurreikusteko? Sumatu al duzu horrelako zerbait irakurtzen hasitakoan?
  • Antzeko kontaketa-modua darabilen beste ipuin, nobela, filma... ezagutzen duzu?

Ipuina bera

  • Gustatu al zaizu ipuina?

Aingeru Epaltzaren kritika

[...] Idazlea tarte zurietan ere mintzatzen da eta irakurlearen irudimenak tarte zuri horiek letrekin belztea du eginkizun. Betelan horretan sortzen ahal diren oker eta gaizki ulertuak jolasgai gisara erabiltzen ditu Xabier Etxaniz Rojok, Begiak itxi eta kitto narrazio bilduman.

[...] “Zergatik irakurri idatzita ez dagoena?” galdetzen dio bere buruari ipuinetariko bateko narratzaileak. Eta galdera maltzur hori pausatuz, Etxanizek ezeztaturik utziko ditu irakurle ustez inteligenteak narrazio horretako mikroistorioen artean hartaraino eraiki dituen ustezko zubiak. Zubirik ez da. Loturarik edo osotasunik ere ez. Irakurlearen gogoak baizik ez du bat egin berez anitz dena. [...] Ezen, kontakizunaren bukaeran erraten zaigun bezala, bizitza honetan ezer gutxi baita ematen duena. Are gutiago literaturan, biziaren ispilu oker.

[...] Begiak itxi eta kitto liburuko zazpi narrazioak irakurtzean, irriño konplizea loratuko zaigu maiz ezpainetan. Barre algaratan lehertuko ere, beharbada, halako pasarteren batean. Idazlea gutaz trufatu den edo ziria sartu digun sentipena ere ez da izanen, behin baino gehiagotan, aparte. Izan ere, irakurlearekin jostetan aritzeko, hura ustekabetzeko eta ezuste horretan gozarazteko ahalegina dugu liburu honetako alderdirik eskergarrienetariko bat. [...] Eta hori guztia, su-bestetatik urrun, kontamolde eta hizkera zuzen batean. Xabier Etxaniz Rojo proposamen atsegin honekin agertu zen, duela urte guti, euskal literaturaren balkoira. Ez dakit bere lekua egin duen jadanik, baina merezi du gure arreta.

Nabarra aldizkarian argitara emandakoa baina Kritiken hemerotekatik hartua

Kritika osoa


(Oraindik ez dago mezurik foro honetan)