Ikastaroaren gida

1. Sarrera

Moodle bezalako on-line eremuetan gertatzen diren ikas- eta irakas-prozesuetan berebiziko garrantzia hartzen du komunikazioak. Partaideen arteko harremanak, elkarreraginak eta hartu-emanak ikas-prozesuaren arrakasta baldintzatzerainoko garrantzia hartzen dute eta hori dela-eta, ezinbestekoa da foroen bidez sortzen den komunikazioa era egokian kudeatzea.

Gai honen zailtasuna agerikoa da batetik, giza komunikazioa aztertzeko dagoen berezko zailtasunagatik, eta bestetik, ikasteko helburuz gertatzen den komunikazioak aparteko zailtasuna gehitzen diolako. Hala ere, saiakera bat egin nahi dugu ikastaro honetan eta komunikazioa era egokian kudeatzeko gida-lerro eta aribide nagusi batzuk eskaini, aurrerantzean horrelako esperientziak izango dituztenek helduleku bat izan dezaten.

Ikastaroa on-line eremuetan aritu diren edo arituko diren irakasleei zuzenduta dago. Ikastaroan zehar hainbat komunikazio-egoera aztertu eta horietan erabili beharreko komunikaziorako bitartekoak sortu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak. Hori dela-eta, ikastaroan gertatzen diren hartu-eman didaktikoak landuko dira.

Ikastaroa emateko Moodle erabiliko da.