Liburua inprimatuLiburua inprimatu

Sintaxia

Hemen sintaxiari buruzko teoria eta praktika izango duzu

Gunea: Santurtziko Udal Euskaltegia
Ikastaroa: C1 maila
Liburua: Sintaxia
Nork inprimatua: Bisitaria
Data: igandea, 2018(e)ko abenduaren 9(e)an, 20:49(e)an

1. Perpausak

 

Atal honetan perpaus edo esaldi-mota inportateenak lantzeko materialak dituzu eskura

2. Konparatiboak

KONPARAZIOZKO PERPAUSAK (birpasa)

Konparaziozko perpausak, izenak adierazten duenez, konparazioak egiteko erabiltzen dira.

Berdintasuna

Berdintasunezko konparazioetan bi egitura hauek erabiltzen dira: -N BEZAIN eta -N BESTE (ADINA)

-N BEZAIN

Berdinak diren osagaien arteko nolakotasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da egitura hau. Hona hemen eskema bat: A + B + (-N) BEZAIN + ...

Egitura hau adjektibo zein adberbioekin erabil daiteke. Ikus dezagun zenbait adibide:

  • Miren ez da dirudien bezain gogorra (adjektiboarekin)
  • Egia esan, ez da espero nuen bezain ondo geratu (adberbioarekin)

Maiz, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Adibidez:

  • Ni ez naiz zu (zaren) bezain altua
  • Gaurko partidua ez da lehengo egunekoa (izan den) bezain ona izan
  • Hauek besteak (diren) bezain txarrak dira
  • Niri ez zait zuri (geratu zaizun) bezain ondo geratu
  • Ez zaigu nahi (genuen) bezain ondo atera


Zenbaitetan, bezain bi adjektiboren arteko konparazioa egiteko erabiltzen da. Adibidez:

  • Bere begiak bizi bezain alaiak ziren = Bere begiak biziak bezain alaiak ziren (Lehen adjektiboa mugagabean zein mugatuan joan daiteke)

-N BESTE

Berdinak diren bi osagairen arteko zenbatasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da egitura hau. Hona hemen eskema bat: A + B + (-N) BESTE + ...

Beste-ren atzetik dagoen hitza mugagabean jartzen da. Bestalde, Beste-ren ordez, ADINA ere erabiltzen da.

  • Behar duzun beste har dezakezu, sobera dago eta
  • Ez da nik espero nuen adina jende etorri
 

Sarritan, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Adibidez:

  • Nik ez dut zuk (irabazten duzun) beste diru irabazten
  • Etxean hemen (daukadan) adina liburu daukat

Izen neurgaitzen kasuan, beste hitzak "-ko" atzizkia hartzen du, besteko emanez. Hona hemen zenbait adibide:

  • Horrek zuk besteko indarra dauka
  • Guk zuk besteko interesa daukagu horretan
  • Goazen kanpora, hemen ez dago behar besteko argitasunik eta
 

Era berean, besteko-ren ordez adinako ere erabil daiteke.

  • Ezin esan adinako beldurra pasa dut autoan
  • Horrek ez dauka behar adinako esperientziarik hori egiteko

Ohar zaitez egitura honetan besteko-ren atzean dagoen izen-sintagma mugatuan deklinatzen dela baiezkoetan.

Desberdintasuna

Desberdintasunezko konparazioetan bi egitura hauek erabiltzen dira: -N BAINO ... -AGO eta -N BAINO GEHIAGO/ GUTXIAGO.

-N BAINO ... -AGO

Egitura hau nolakotasunezko konparazioak adierazteko erabiltzen da honako eskema honen arabera: A + B + (-N) BAINO ... -AGO
Adjektibo eta adberbioekin erabil daiteke. Adibidez:

  • Uste genuen baino luzeagoak dira (adjektiboarekin)
  • Nire ustez, zegoen baino txartoago utzi dute (adberbioarekin)

Sarritan, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz:

  • Ni zu (zaren) baino altuagoa naiz
  • Gaur atzo (nengoen) baino lasaiago nago

Konparatzen ari garen osagai bien arteko aldea azpimarratu nahi denean, askoz (ere) esapidea tartekatzen da. Adibidez:

  • Uste nuen baino askoz (ere) garestiagoak dira (Son mucho más caros que lo yo creía)
  • Gaur atzo baino askoz (ere) nekatuago nago (Estoy mucho más cansada que ayer)

Batzuetan, konparazioaren osagaiak galdetzaile batek ordezkaturik agertzen dira. eskuarki, zein eta nor galdetzaileak erabiltzen dira, eta deklinatuta ager daitezke. Adibidez:

  • Alaba bi zeuzkan, zein baino zein politago (Tenía dos hijas, a cada cual más hermosa)
  • Pilotari biek nork baino nork hobeto jokatu dute (Los dos pelotaris han jugado a cada cual mejor)


-N BAINO GEHIAGO / GUTXIAGO

Egitura hau zenbatasunezko konparazioak egiteko erabiltzen da. Hona hemen eskema: A + B + (-N) BAINO GEHIAGO edo
A + B + (-N) BAINO GUTXIAGO. Adibidez:

  • Hemen, dirudien baino diru gehiago dago
  • Uste genuen baino jende gutxiago etorri da

Maiz, menpeko perpauseko aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz:

  • Nik zuk (daukazun) baino diru gehiago daukat
  • Gaur atzo (etorri zen) baino jende gutxiago etorri da

Zenbaitetan, egitura hau deklinatu egiten da. Halakoetan, kasu-markak gehiago eta gutxiago zenbatzaileen atzean jartzen dira eta mugagabean. Adibidez:

  • Espero nuen baino jende gutxiagok deitu du
  • Bati baino gehiagori galdetu diot, baina inork ere ez daki
  • Behin baino gehiagotan esan diot, baina alferrik
  • Horrekin baino gutxiagorekin ere konformatzen naiz

Bestalde, konparatzen ari garen osagai bien arteko aldea azpimarratu nahi denean, askoz (ere) esapìdea tartekatzen da. Adibidez:

  • Horrek nik baino askoz (ere) diru gehiago irabazten du (Esa gana mucho más dinero que yo)
  • Atzo gaur baino askoz (ere) jende gutxiago etorri zen (Ayer vino mucha menos gente que hoy)

Zenbat eta ...-ago, orduan eta ... -ago

Egitura hau elkarrekin erlazionaturik dauden osagai biren arteko konparazioak egiteko erabiltzen da; hau da, lehen osagaiak bigarrenean eragiten duenean. Adibidez:

  • Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakit (Cuanto más estudio, menos sé)
  • Zenbat eta urduriago egon, orduan eta okerrago (Cuanto más nervioso, peor)

Lehen osagaiko aditz laguntzailea agertzen denean , honek "-n" edo "bait-" menperagailuak hartzen ditu. Adibidez:

  • Zenbat eta zaharragoa den, orduan eta okerrago portatzen da
  • Zenbat eta beranduago baita, orduan eta arrisku handiagoa dago

Egitura honen ordez, beste aldaera batzuk erabiltzen dira. Adibidez:

  • Zenbat eta gutxiago esan, hainbat eta arazo gutxiago
  • Zenbat eta gazteago izan, hainbat (eta) hobeto

Ez nahastu gero eta egiturarekin; gero eta ezaugarri bakar bat denboran zehar aldatzen dela adierazteko erabiltzen da, baina ez bi osagairen artean konparaziorik egiteko.

  • Gero eta beranduago etortzen zara
  • Gero eta lan gehiago eginarazten digute

Iturria: EUSKAL GRAMATIKA OSOA

3. Erlatibozko esaldiak

Izenlagunaren funtzioa betetzen duten perpausak dira. Hona hemen erlatibozko egiturarik ohikoenak:

  • -(e)N
  • -(e)NEKO
  • -TAKO / -RIKO
  • ADITZ PARTIZIPIOA
  • ZEIN(a)… BAIT-
  • BAIT-
  • Erlatibozko zenbait esapide

1. -(e)N

Hauxe dugu gehien erabiltzen den egitura

  • Zure ondoan dagoen mutila nire anaia da (zure ondoan dagoena nire anaia da)
  • Gaur etorri ez den neska nire ahizpa da. (gaur etorri ez dena nire ahizpa da)

2. -(e)NEKO

Egitura hau lekua zein denbora adierazteko erabiltzen da soilik

  • Hauxe duzu ni txikitan bizi nintzeneko etxea (lekua: etxea)
  • Oroitzen zara Urbasan galdu gineneko egun hartaz? (denbora: eguna)
  • Gogoratzen duzu Aitor uretara jausi zenekoa? (denbora: eguna)

3. -TAKO / -RIKO

Egitura hau ekintza burutuak adierazteko erabiltzen da soilik

  • Orain arte egindako guztiak ez du ezertarako balio
  • Hori berak asmaturiko zerbait da

4. ADITZ-PARTITZIPIOA 

Egitura hau iparraldean erabili ohi dute ekintza burutuak adierazteko

  • Amak eman diru guztia gastatu duzu? (iparraldeko ohitura)
  • Zer deritzozu berak esanari?

5. ZEIN... BAIT- /  ZEIN(a) ... -(e)N

Egitura hau ez da ia inoiz erabiltzen euskara mintzatuan, baina oso baliagarria izan daiteke euskara idatzian, itzulpenetan batez ere. Euskalkien arabera bi erabilera-eredu aurki daitezke: ekialdekoa (nafarrera eta iparraldeko euskalkiak) eta mendebaldekoa (bizkaiera eta gipuzkera)

  • Gure aita, zeini naizen guztia zor baitiot, baserritarra zen (ekialdeko ohitura: "ZEIN" mugagabean deklinatzen da eta aditzari "BAIT-" eransten zaio)
  • Gure aita, zeinari naizen guztia zor diodan, baserritarra zen (mendebaldeko ohitura: "ZEIN" mugatu singularrean edo pluralean deklinatu eta aditzari -N erantsi)

6. BAIT-

Forma hau batez ere ekialdeko euskalkietan da ezaguna

  • Neska hori, Begoren etxean ezagutu bainuen, Jonen arreba da (ekialdeko euskalkietan)

7. BESTE ZENBAIT ESAPIDE 

Maiz galdetzailea eta erakuslea (edo erakusleetatik eratorritako adberbioa) erabiltzen dira erlatiboaren ordez

  • Non hasi, hantxe amaitu beharra dago (hasten den tokian amaitu behar da)
  • Eguzkia nora, zapiak hara (zapiak eguzkia doan tokira joaten dira)
  • Umeak zer ikusi, hura ikasi (umeak ikusten duena ikasten du)

Testu honen jatorriaEuskal Gramatika Osoa. Didaktiker SA, Bilbo 2000

3.1. Erlatibozko esaldiak: ohiko akatsak

Ohiko akats bat erlatiboaren ordez “-LA” erabiltzean datza. Adibidez:

*Pastelak ekarri dituzula norentzat dira? TXARTO

Ekarri dituzupastelak norentzat dira? ONDO

*Mutil bat etorri da zu ezagutzen zaituela TXARTO

Zu ezagutzen zaituen mutil bat etorri da ONDO

Mutil bat etorri da, zu ezagutzen zaituena ONDO

*Eskolan badago mutil bat ingelesez dakiela TXARTO

Eskolan badago ingelesez dakien mutil bat ONDO

Eskolan badago mutil bat, ingelesez dakiena ONDO

Beste akats bat erlatiboaren ordez “-NEKO” menderagailua leku-denborazkoak ez diren kasuetan erabiltzean datza. Adibidez:

*Andonirekin mintzatzen ari deneko neska nor da? TXARTO ("neska" ez da ez lekua ez denbora)

Andonirekin mintzatzen ari den neska nor da? ONDO

*Hor jesarrita dagoeneko hori koldoren laguna da TXARTO ("hori" ez da ez lekua ez denbora)

Hor jesarrita dagoen hori Koldoren laguna da ONDO

Euskaraz, inguruko hizkuntzetan ez bezala, ondokoan izenordain pertsonalen ordez, erakusleak erabiltzen dira. Adibidez:

*Eskutitz hau izenpetzen dudan nik… TXARTO

Eskutitz hau izenpetzen dudan honek… ONDO

*Enpresako zuzendaria zaren zuri zuzentzen natzaizu… TXARTO

Enpresako zuzendaria zaren horri zuzentzen natzaizu…ONDO

3.2. Erlatiboaren mugak

ERLATIBOAREN MUGAK

Perpaus oso bat izenlagun bihurtu nahi dugunean, erlatiboaz baliatzen gara. Ikus dezagun adibide bat:

    • Anak AUTOA erosi du
    • AUTOA gorria da
    • Anak erosi duEN AUTOA gorria da

    Aurreko adibidean, lehen perpausa (a) bigarrenaren barruan txertatu dugu auto izen-sintagmaren izenlagun bihurtuz. Bistan denez, perpaus bietan bada komuneko osagai bat: autoa. Baina perpaus biak elkartzen ditugunean, autoa behin bakarrik agertzen da. Perpaus nagusiaren errepikatzen den osagai horri ondokoa esaten zaio, erlatibozko perpausaren ondoan jartzen delako. Menpeko perpausean errepikatzen den osagaiari, ordea, isilekoa, esaten zaio, perpaus biak elkartzean, isilpean geratzen delako.

    Ondokoa edozein kasutan deklina daiteke. Isilekoak, ordea, zenbait muga dauzka. Ikus dezagun adibide bat:

    • NESKAREKIN jan dut
    • NESKA Miren da
    • Jan dudaN NESKA Miren da !!

    Beraz, zein kasutan egon behar du isilekoak erlatibo bihurtu ahal izateko? Azter ditzagun kasuak banan-banan:

    a) Isilekoa eta ondokoa kasu berean

    Isilekoa eta ondokoa deklinabide-kasu berean daudenean ez dago inolako eragozpenik erlatiboa egiteko. Adibidez:

    • Atzo hitz egin genuen mutilAZ gogoratu naiz
    • Zoaz etorri zareN bideTIK!
    • Ni bizi naizen lagunEKIN joan da
    • Mikel joaten den medikuARENGANA joan naiz

    b) Isilekoa NOR, NORK edo NORI denean

    Isilekoa NOR, NORK edo NORI kasuan badago (kasu gramatikalak), normalean ez dago inolako eragozpenik, ondokoa beste edozein kasutan egon arren ere. Hona hemen zenbait adibide:

    • Atzo etorri zen mutilAREKIN geratu naiz (mutila)
    • Atzo deitu zuen mutilAREKIN geratu naiz ( mutilak)
    • Autoa utzi nion mutilAREKIN geratu naiz (mutilari)

    c) Leku-denborazko kasuak

    Leku-denborazko kasuetan, aditzak berak isilekoa zein kasutan dagoen argitzen duenean, normalean ez dago erlatiboa egiteko eragozpenik, nahiz eta ondokoa beste kasu batean egon. Adibidez: egon-non, joan-nora, etorri-nondik… Hona hemen zenbait adibide:

    • Agurtzane BIZI deN etxeTIK nator (etxean – bizi)
    • Joseba atera deN autoAN etorri gara
    • Iaz afaldu genueN herriRAINO joan naiz

    d) Bestelako kasuak

    Gainerako kasuetan, normalean ezin da erlatiborik egin. Horrelakoetan, askotan , nahikoa da menpeko perpausa aldatzea erlatiboa inolako eragozpenik gabe egin ahal izateko. Adibidez:

    • Zu bizi zaren lagunA > Zurekin bizi den laguna
    • Hitz egin nizun liburuan dago > Esan nizun liburuan dago
    • Ikasten dudan neskak egin du > Nirekin ikasten duen neskak egin du
    • Jon ezkondu den neskarentzat > Jonekin ezkondu den neskarentzat

    Euskal Gramatika Osoa. Didaktiker SA, Bilbo 2000

    4. Denborazko perpausak

    Denborazko perpausak

    Adibideak

    Hona hemen denborazko perpaus erabilienak. Kontuan hartu behar duzue "orduko" hitzak hiru esanahi dituela: antes de, tan pronto como y para cuando

    GEROKOTASUNA (posterioridad)

    • Botila apurtu ondoren, logelan ezkutatu zen Después de romper...
    • Afaldu ostean joango gara; orain ezin dugu. Iremos después de cenar...
    • Honekin amaitu ondoan, bestearekin hasiko gara. Después de terminar con esto...
    • Lana amaitutakoan hitz egingo dugu; orain bilera batean nago. Hablaremos después de terminar el trabajo...
    • Ikasketak amaitu nituenez gero ez naiz hara itzuli. Después de terminar los estudios no he regresado allí
    • Hau amaituz gero joango naiz. Iré después de terminar esto
    • Polizia etorri eta gero, dena konfesatu zuen. Despues de venir la policía...

    AURREKOTASUNA (anterioridad)

    • Gosaldu baino lehen(ago), komunera joaten naiz. Antes de desayunar...
    • Argazki hauek ezkondu baino lehenagokoak dira. Estas fotos son de antes de casarnos
    • Oheratu aurretik, pelikula bat ikusiko dut. Antes de acostarme...
    • Horiek ni lanean hasi aurretiko kontuak dira. Esas son historias de antes de empezar yo en el trabajo
    • Egin orduko, ondo aztertu behar dugu. Antes de hacerlo...

    BEREHALAKOTASUNA (Inmediatez)

    • Bilera amaitu orduko alde egin zuen. Tan pronto como terminó la reunión...
    • Bera heldu orduko, ez zen inor geratzen. Para cuando él llegó...
    • Jakin bezain laster etorri naiz. Tan pronto como lo sepa...
    • Ikusi bezain agudo konturatu zen txarto zegoela. Tan pronto como lo vio
    • Etxera heldu bezain pronto deituko dizut. Tan pronto como llege ...
    • Amaitu bezain azkar joan da. Tan pronto como terminó...
    • Gelara sartu bezain arin zorabiatu zen. Nada más entrar en la habitación...
    • Esan zueneko igarri nion gezurretan ari zela. Tan pronto como lo dijo le noté que estaba mintiendo. Nada más decirlo...

    ALDIBEREKOTASUNA (simultaneidad)

    • Aita datorrenean bazkalduko dugu. Cuando venga...
    • Atea ireki zuenean erori zen. Cuando abrió
    • Ama ikusten duenean, poz-pozik jartzen da. Cuando ve a su madre...
    • Gorbeiara joan nintzen batean, galdu egin nintzen. Una vez que fui al Gorbea... Cierta vez que fui...
    • Afaltzen duzun bitartean, telebista ikusten duzu? Mientras cenas...
    • Nik afaria prestatu bitartean, zuk mahaia ipin dezakezu Mientras preparo...
    • Pintatzen ari zen bitartean, andamiotik erori zen. Mientras estaba pintando...
    • Menditik nentorrela(rik) den-dena kontatu zidan. Viniendo del monte me lo contó todo
    • Fotokopiak egitean kalanbrea jaso dut. Al hacer fotocopias...
    • Ikasteaz batera, oso ondo pasatzen dugu. A la vez que estudiamos, lo pasamos muy bien
    • Zuzendaria agertzearekin batera, denak isildu ziren. En cuanto apareció la directora, se callaron todas.

    MAIZTASUNA (frecuencia)

    • Ni berarekin egon naizenetan, oso ondo hartu izan nau. Las veces que he estado con él, me ha solido recibir muy bien.
    • Saiatzen naizen bakoitzean, txarto ateratzen zait. Cada vez que lo intento...
    • Joan naizen gehienetan, ez da agertu. La mayoría de las veces que he ido...
    • Zurekin hitz egiten dudan guztietan, gauza bera esaten didazu. Todas las veces que hablo contigo...
    • Saiatu naizen aldi bakanetan, txarto atera zait. Las pocas veces que lo he intentado... Las raras veces que ...

    NOIZKO(A) (de cuando)

    • Argazki hauek Nepalera joan ginenekoak dira. Estas fotos son de cuando fuimos a Nepal
    • Nepalera joan gineneko argazkiak ekarri dituzu? ¿Has traido las fotos de cuando fuimos a Nepal?

    NOIZKO? (para cuando)

    • Gu heldu ginenerako, ez zen inor geratzen. Para cuando llegamos nosotras, no quedaba nadie.
    • Konturatu orduko, umea kalean zegoen. Para cuando se dio cuenta, la niña estaba en la calle.

    NOIZTIK? (desde cuando)

    • Istripua izan zuenetik, ez da lehengoa. Desde que tuvo el accidente
    • Erretzen ez dudanetik, hobeto nago. Desde que no fumo...
    • Hasi nintzenetik hona hiru urte igaro dira. Desde que empecé hasta ahora han pasado tres años.
    • Bost urte zituenetik aurrera ez dut berriro ikusi. Desde que tenía 5 años no la he vuelto a ver.
    • Heldu zirenez geroztik, ez dira gelatik irten. Desde que llegaron , no han salido de la habitación.
    • Afari batean ikusi nuen, baina geroztik ez dut ikusi. Le vi en una cena, pero desde entonces no le he visto.

    NOIZ ARTE? (hasta cuando)

    • Lana bukatu arte, hemen geratuko zara. Hasta que termines el trabajo te quedarás aquí.
    • Laguna etorri zen arte, hondartzan ibili zen. Hasta que vino su amiga anduvo en la playa
    • Ez mugitu harik eta nik esaten dizudan arte. No te muevas hasta que yo lo diga.

    Harik eta no se traduce y se coloca al comienzo de la frase temporal. Su utilización es optativa; la frase anterior también podria hacerse así: Ez mugitu nik esaten dizudan arte.

    OHIKO AKATSAK

    1. Etorkizuna adierazteko “-ko” aspektu-marka erabiltzea:

    • Helduko denean, abisatu (TXARTO)
    • Heltzen denean, abisatu. (ONDO)

    2. Denborazko perpausa txarto ordenatzea:

    • Etor zaitez bera ez dagoenean etxean. (TXARTO)
    • Etor zaitez bera etxean ez dagoenean. (ONDO)
    • Ez dudanean zerbait ulertzen, irakasleari galdetzen diot. (TXARTO)
    • Zerbait ulertzen ez dudanean, irakasleari galdetzen diot. (ONDO)

    4.1. -Tzerakoan, -T(z)ean, - takoan

    -T(Z)ERAKOAN / -T(Z)EAN / -TUTAKOAN

    -TZEAN

     

    Egitura honek ekintza gertatzen ari dela adierazten du. Ekintza hai da, baina oraindik ez da bukatu.

    • Autoa aparkatzean zulatu zitzaidan gurpila. (Al aparcar la el coche se me pinchó la rueda)

    Aparkatzeko ekintza hasita zegoen, oraindik aparkatzen ari nintzen gurpila zulatu zitzaidanean

    -T(Z)ERAKOAN

    Egitura honek ekintza oraindik ez dela hasi adierazten du

    • Autoa aparkatzerakoan debekatuta zegoela konturatu nintzen (Al ir a aparcar me dí cuenta de que estaba prohibido)

    Aparkatzeko ekintza hasi gabe zegoen, oraindik ez nintzen aparkatzen hasi debekatuta zegoela konturatu nintzenean.


    -TAKOAN

    Egitura honek ekintza bukatuta dagoela adierazten du

    • Autoa aparkatutakoan joan nintzen Otaren txartelaren bila. (Despues de aparcar fui a por el tiket de la Ota)

    Aparkatzeko ekintza bukatuta zegoen tikearen bila joan nintzenean

    Hona hemen adibide gehiago:

    • Argia pizTEAN jaso dut deskarga
    • Al encender la luz (justo en el momento de encenderla) he recibido una descarga
    • Liburua zabalTZEAN, paper hau jausi zaizu
    • Al abrir el libro, se te ha caído este papel
    • OrdainTZERAKOAN, boltsa lapurtu diotela konturatu da
    • Al ir a pagar (justo un poco antes), se ha dado cuenta de que le han robado la cartera
    • Kalea zeharkaTZERAKOAN begiratu autorik datorren
    • Al ir a cruzar la calle (justo un poco antes) mira a ver si viene algun coche
    • Lana amaituTAKOAN hitz egingo dugu; orain bilera batean nago
    • Hablaremos al terminar el trabajo, ahora estoy en una reunión
    • Zertxobait janDAKOAN, hobeto sentituko zara
    • Después de comer algo, te sentirás mejor

    4.2. Denborazko esaldiak. Ariketak

    5. Kausazko perpausak

    KAUSAZKO PERPAUSAK

    -(e)LAKO

     

    Egitura honek zergatik? galderari erantzuten dio eta kausazko egituren artean berau da kausaltasuna modu zuzenago batez adierazten duena. Formarik hedatuena -lako da. Hona hemen adibide bat:

     

    • Zergatik joan da? >>> Berandu delako joan da

    -lako gehienetan perpausaren galdegaia izaten da; beraz, aditzaren aurre-aurrean jarri behar da.

    -lako atzizkia menpeko perpausaren amaieran jartzen da, honela perpaus nagusiarekiko lotura egiten duelarik. Horregatik ezezko perpausetan ez-ohiko ordena izango dugu.


    • Zergatik eman didazu? >>> Nahi dudalako eman dizut
    • Zergatik eman didazu? >>> Galderarik egin ez didazulako eman dizut

    ETA

     

    -(e)lako egiturak baino kausaltasun zentzu ahulagoa du. Egitura hau oso erabilia da baieztapen baten ondoren argibideak eman nahi direnean. Beraz, ez dio galdera zuzen bati erantzuten eta ez da galdegai izaten. Perpaus nagusiaren atzealdean etorri ohi da.


    Busti egin naiz, euria ari zuen eta

    Gaur idazlana egingo dugu, bihar txango bat egitera goaz eta

    BAIT-

     

    Aurreko egituraren antzekoa da hau. Kokapena, ordea, ez da perpausaren amaieran, menpeko aditzaren aurrean baizik.


    • Ez naiz nekatuko, ondo lo eginda bainago
    • Gaindituko du, ez baitago bera baino hoberik

    Bistan denez, bait- aditz laguntzaile edo trinkoari lotuta idazten da. Honek zenbait aldaketa fonetiko eragiten ditu. Hona hemen eskema bat:

     

    • T + D > T baita, baitago
    • T + G > K baikara, beikenuen
    • T + H > H baihaiz
    • T + Z > TZ baitzara, baitzen
    • T + N > N bainaiz, bainago

    T(Z)EAGATIK / T(Z)EARREN

     

    Bi egitura hauek baliokideak dira eta aditz-izenari -agatik eta -arren erantsiz eratzen dira. Kausaltasun esanahi handia dute eta zergatik galderari zuzen erantzuteko balio dute. Maiz, galdegai izaten dira. Halakoetan, perpaus nagusiko aditzaren aurrean jarri behar dira.

     

    • Zergatik zigortu duzu? Hitz egiteagatik. Hitz egitearren
    • Nirekin ez ibiltzeagatik gertatu zaizu hori

    -NEZ GERO / -NEZ

    Egitura hauek -lako egituraren antzekoak dira, baina kausaltasun indar gutxiago dute. Menpeko perpausaren ondoren koma jartzen da

    Eguraldi ona egiten duenez gero, mendira joango gara (Ya que hace buen tiempo, iremos al monte)

    Ezer ez dakidanez gero, ez dut ezer esango (Ya que no se nada, no diré nada)


    Alferrik denez, hobe ez joatea (Ya que es inutil, mejor no ir)

    -LA ETA

     

    Egitura honek zer dela eta? galderari erantzuten dio, eta normalean -lakok baino kausaltasun ahulagoa adierazten du. Gehienetan, izan aditzarekin erabiltzen da, baina bestelakoekin ere bai.

     

    • Zer dela eta ez zara klasera etorri?
    • Lan asko dagoela eta, laguntza eske deitu digu
    • Nortasun-agiririk ez zeukala eta, ez zioten sartzen utzi nahi.

    -LA BIDE / -LA KAUSA / -LA MEDIO

     

    Egitura hauek -LA konpletiboaren gainean eraikita daude bide, kausa eta medio hitzak gehituz. Hona hemen zenbait adibide:

     

    • Krisialdia dela kausa, oso zaila da lana aurkitzea (A causa de la crisis, ez muy dificil encontrar trabajo)
    • Lege berria dela medio, istilu asko sortu dira (A causa de la nueva ley, se han producido muchos conflictos)
    • Errepideen egoera txarra dela bide, istripu asko gertatu dira (A causa de la mala situación de las carreteras, han sucedido muchos accidentes)

    ZEREN (ETA)

     

    Forma hau, jatorriz, galdetzailea da, zergatik-en baliokidea, baina gaur egun adierazpen-perpausetan erabiltzen da kausa adierazteko. Bera bakarrik zein menperagailu baten laguntzaz erabiltzen da: ekialdean "bait-" eta mendebaldean "-n". Maiz, Iparraldean batez ere, eta juntagailua hartzen du hitz indargarri gisa.

     

    • Ezin esan izan diot, zeren ni hara heldu orduko, alde egin du
    • Ezin esan izan diot, zeren (eta) ni hara heldu orduko, alde egin baitu
    • Ezin esan izan diot, zeren ni hara heldu orduko, alde egin duen

    EZEN

    Forma hau iparraldean erabiltzen da batez ere. Esanguraz zeren formaren baliokidea dugu.

    • Eskerrak eman behar dizkiot, ezen berari zor diot guztia.
    • Nahi duzuna eskatu, ezen edozertarako gertu bainago.

    5.1. Kausa: ohiko akatsak

    OHIKO AKATSAK


    1. Zenbait hiztunek, gaztelaniaren eraginez, "zergatik bai" eta "zergatik ez" esapideak erabiltzeko ohitura dute. Hauen ordez "hargatik" erabili behar da:


    TXARTO ONDO

    Zergatik egin duzu? >>> Zergatik bai!

    Zergatik egin duzu >>> Hargatik!

    Zergatik ez zatoz gurekin? >>> Zergatik ez!

    Zergatik ez zatoz gurekin? >>> Hargatik!


    2. Beste akats bat ezezko perpausak txarto ordenatzean datza. Gogoratu -lako eta -nez gero perpausaren amaieran jarri behar direla, gainerako osagaiak aurrean doazelarik. Adibidez:

    TXARTO
    ONDO
    Ez dudalako nahi izan
    Nahi izan ez dudalako

    Ez delako etorri

    Etorri ez delako

    Ez duenez gero ordaindu, ...

    Ordaindu ez duenez gero, ...

    Ez denez nirea, berdin dit

    Nirea ez denez, berdin dit


    3. Zenbaitetan, "-lako" eta "eta" nahastu egiten dira. Gogoratu "eta"k "-lako"k baino kausaltasun-maila apalagoa adierazten duela. Hona hemen zenbait adibide:

    TXARTO ONDO

    Kontu handiz ibili behar duzu horrekin, oso arriskutsua delako.

    Kontu handiz ibili behar duzu horrekin, oso arriskutsua da eta.

    Bihar arte! Ni ohera noa, buruko mina daukadalako

     

    Bihar arte! Ni ohera noa, buruko mina daukat eta

    Zergatik ez da etorri? Oso lanpetuta dago eta

     

    Zergatik ez da etorri? Oso lanpetuta dagelako

    5.2. Euskaltzaindiaren arauak: bait-

    2. Baitu, baikara, bainaiz

    Bait partikula, kasu guztietan, aditzari atxikia idatz dadila: bainaiz, baikara, baitoaz, eta abar, eta ez *bai(t) naiz, *bai(t) gara, *bai(t) doaz eta abar.

    6. Ondorio-perpausak

    Ondorio-perpausak

    (oraciones consecutivas)

    Sarri agertzen dira itzulpenetan horrelako esaldiak:

    Era tan grande que..., fuimos tan lejos que...., estaba tan despistado que...

     

    Esaldiok hurrengo egituraren bidez euskaratu daitezke:

    HAIN .... EZEN .... BAIT-

    • Hain handia zen, ezen bost kilometrora ikus baitzitekeen. Era tan grande que se podía ver a cinco kilometros
    • Hain urrun joan ginen, ezen ilundu egin baitzitzaigun. Fuimos tan lejos que se nos hizo de noche
    • Hain despistatuak ziren, ezen euritako guztiak galtzen baitzituzten. Eran tan despistadas que perdían todos los paraguas

    Adibide hauetan, bi perpaus ditugu eta bigarrena lehenengoaren ondorioa dugu.


    OHARRAK:

    1) "Non" ere erabil daiteke "ezen"-en ordez.

    • Hainbeste diru zuten non ez baitzekiten dirua zertan gastatu ere. Tenían tanto dinero que no sabían ni en que gastarlo

    2) Aditzari aurretik "bait-" erantsi ordez, atzetik "-n" jar dakioke.

    • Hain handia da, ezen bost kilometrora ikus daitekeen.

    3) Sarritan, perpaus nagusiko hitzen ordena aldatu egiten da. Adibidez:

    • Hain polita da, non ezin baita deskribatu
    • Hain da polita, non ezin baita deskribatuBigarren ereduak balio enfatikoa dauka eta lehenengoa baino maizago erabiltzen da

    4) "Hain" hitzaren ordez, "honen" eta "horren" ere erabil daitezke. Era berean, "hainbeste" erabili ordez, "honenbeste" eta "horrenbeste" ere erabil daitezke. Adibideak:

    • Honen nekatuta nengoen, ezen ez baineukan ezertarako gogorik.
    • Atzo horren lanpetuta ikusi zintudan, non ez bainintzen ezer esatera ausartu.
    • Honenbeste haserretu nintzen, ezen pikutara bidaltzeko zorian egon bainintzen
    • Zu uretara jausi zinenean, horrenbeste beldurtu zinen, non negarrez hasi baitzinen

    7. Moduzko perpasuak

    Moduzko perpausek modua edo era adierazten dute; hau da, perpaus nagusiak adierazten duen ekintza nola edo zein modutan burutzen den. Beraz nola? galderari erantzuten diote. Hona hemen moduzko egiturarik ohikoenak:

    1. -(e)N BEZALA / -(e)N BEZALAKO(A)
    2. -(e)N MODUAN / -(e)N MODUKO(A)
    3. -T(Z)EKO MODUAN
    4. -(e)NEZ
    5. -(e)N LEGEZ
    6. -(e)N ERAN
    7. -(e)N GISAN
    8. -(e)N ANTZERA
    9. -(e)N NEURRIAN, -(e)N HEINEAN
    10. AHALA
    11. BA- ... BEZALA
    12. -(r)EN ARABERA

    -(e)N BEZALA / -(e)N BEZALAKO(A)

    Hauxe dugu egiturarik erabiliena moduzko perpausak egiteko. Aditz laguntzaileari edo trinkoari -n menperagailua erantsiz eta ondoren bezala modu-aditzondoa gehituz eratzen da. Izenlagun gisa erabiltzen denean, -ko atzizkia eransten zaio. Adibidez:

    • Jon zuk esan duzun bezala dago. (Nola? Ondo, pozik)
    • Jon zuk esan duzun bezalakoa da. (Nolakoa? Ona, jatorra)

    Aditz laguntzailea ezabatzen denean, aditz-partitzipioa erabiltzen da. Adibidez:

    • Zuk esan bezala egin dugu
    • Hori behar bezala ixten ez baduzu, galdu egingo da.


    Esan duen bezalakoa / esan duena bezalakoa.
    Bi egitura hauek ez dira nahastu behar. Izan ere, oso antzekoak diren arren, ez dira berdinak. Adibidez:

    • Jonen autoa zuk esan duzun bezalakoa da (El auto de Jon es como tú has dicho)
    • Jonen autoa zuk esan duzuna bezalakoa da (El auto de Jon es como el que tú has dicho)

    Lehenengo adibidean, hiztunak Jonen autoa nolakoa den esten du: "Jonen autoa polita eta azkarra da". Bigarrenean, ordea, hiztunak beste auto bat aipatu du; hortik, erlatiboa erabili izana: "Jonen autoa zuk esan duzun (auto)a bezalakoa da".

    Zu bezala / zu bezalako(a)
    Maiz, aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Abididez:

    Zuk (egin duzun) bezala egin dut >>> Zuk bezala egin dut
    Zu (zaren) bezalakoa da >>> Zu bezalakoa da


    Ez bezala / ez bezalakoa
    Euskaraz desberdintasuna adierazteko, berdintasuna adierazteko erabiltzen dugun egitura bera erabiltzen da, aurretik EZ partikula jarriz. Adibidez:

    • Nik, zuk ez bezala, larunbatean ere lan egiten dut (Yo, a diferencia de ti, también trabajo el sábado)
    • Ni zu ez bezalakoa naiz (Yo soy diferente de ti)
    • Hau, zurea ez bezala, oso merkea da (Este, a diferencia del tuyo, es muy barato)
    • Nire autoa zurea ez bezalakoa da (Mi auto es diferente del tuyo)

    Bezala / bezalako(a)
    Zenbait kasutan, bezalako-ren ordez, bezala erabili behar da. Adibidez:

    • Semea aita bezalakoa da (El hijo es igual que el padre)
    • Semea, aita bezala, oso zuhurra da (El hijo, al igual que el padre, es muy prudente)
    • Hauek ez dira horiek bezalakoak (Estos no son como esos)
    • Hauek, horiek ez bezala, oso politak dira (Estos, a diferencia de esos, son muy bonitos)

    -(e)N MODUAN / -(e)N MODUKO(A)

    Bi egitura hauek aurreko atalean aztertutakoen baliokideak ditugu. Formari dagokionez, aditz laguntzaileari edo trinkoari -N menperagailua erantsiz eta ondoren moduan / moduko gehituz eratzen dira. Adibidez.

    • Nahi duzun moduan egin dezakezu; niri berdin dit. (Puedes hacerlo como quieras; a mí me da igual)
    • Anak esan duen modukoa da: baxua, lodia eta itsusia. (Es como ha dicho Ana: bajo, gordo y feo)
    • Anak esan duenaren modukoa da: berdin-berdinak dira. (Es como el que ha dicho Ana: son exactamente iguales)


    Zue moduan / zure moduko(a)
    Maiz, aditza ezabatu egiten da, forma laburtuak sortuz. Adibidez:

    • Zuk (egin duzun) moduan egin dut >>> zure moduan egin dut
    • Zu (zaren) modukoa da >>> zure modukoa da

    Moduan / modura
    Zenbaitetan, moduan formaren ordez, modura aldaera erabiltzen da. Adibidez:

    • Bakoitzak bere modura (moduan) egiten ditu gauzak
    • Nahi duzuen modura (moduan) egin dezakezue


    -T(Z)EKO MODUAN


    Egitura hau -t(z)eko aditz-izenari moduan / moduko gehituz eratzen da. Adibidez:

    • Hau dagoeneko jateko moduan dago (Esto ya está como para comerselo)
    • Hori birritan pentsatzeko modukoa da (Eso es como para pensarselo dos veces)


    -(e)NEZ


    Moduzko egitura hau aditz laguntzaileari edo trinkoari -NEZ (-n + zerez) atzizkia erantsiz lortzen da. Adibidez:

    • Irakasleak esan duenez egin dut (Lo he hecho como ha dicho el profesor)
    • Ikus daitekeenez, oso erraza da (Según puede verse, es muy facil)

    -N LEGEZ
    Egitura hau bizkaieraz erabiltzen da batez ere. Adibidez:

    • Irakasleak esan zuen legez egin behar ditugu (los tenemos que hacer como ha dicho la profesora)
    • Zuk esandako legez egin dut (Lo he hecho como tú has dicho)

    -N ERAN
    Egitura hau -n moduan egituraren parekoa da. Zenbait lekutan erara eta eraz aldaerak erabiltzen dira. Adibidez:

    • Aitak esan duen eran egin dut (Lo he hecho como ha dicho Aita)
    • Hori neuk esandako eran ez egiteagatik gertatu zaizu. (Eso te ha sucedido por no hacerlo como yo he dicho)
    • Nork bere erara ikusten ditu gauzak (Cada uno ve las cosas a su manera)


    -(e)N GISAN

    Egitura hau -n moduan egituraren parekoa da. Zenbait lekutan gisara eta gisaz aldaerak erabiltzen dira. Adibidez:

    • Lehen azaldu dizuedan gisan gertatu zen dena
    • Ondoen iruditzen zaizun gisan egin dezakezu

    -(e)N ANTZERA

    Egitura hau aurrekoen antz-antzekoa dugu formari dagokionez. Esangura aldetik, ordea, berdintasuna barik, antzekotasuna adierazten du. Adibidez:

    • Nik ere zuk egin duzun antzera egin dut (Yo tambien lo he hecho parecido a como lo has hecho tú)
    • Hau lehengo egunean ikusi genuenaren antzekoa da. (Este es semejante al que vimos el otro dia)
    • Zure antzera egin dut
    • Horko mutil hori nire antzekoa da

    -(e)N NEURRIAN / -(e)N HEINEAN

    Bi egitura hauek baliokideak dira eta maila edo neurria adierazten duten moduzko perpausak egiteko erabiltzen dira.

    • Ahal izan dugun neurrian (heinean) lagundu diegu (Les hemos ayudado en la medida en que hemos podido)
    • Hemen lan egiten duzun neurrian (heinean) ordaintzen dizute (Aquí te pagan según lo que trabajas. Según la cantidad que trabajes)

    AHALA


    Egitura hau aditz-partitzipioari ahala gehituz eratzen da, eta nolabait prozesua adierazten duten moduzko perpausak egiteko erabiltzen da

    • Lan honetara ohitu ahala, errazago gertatuko zaizu (según te vayas acostumbrando a este trabajo, te resultará más facil)
    • Liburua irakurri ahala, apunteak hartzen ditut. (Según voy leyendo el libro, voy tomando apuntes)

    BA- ... BEZALA

    Egitura hau baldintzazko perpaus baten gainean eraikitzen da, atzean bezala edo legez modu-aditzondoak gehituz. Adibidez:

    • Niri ez hitz egin lerdoa banintz bezala (A mí no me hables como si fuera tonto)
    • Lurrean etzan zen, hilda balego legez. (Se tumbó en el suelo, como si estuviera muerto)

    -(R)EN ARABERA

    Postposizio bat da; beti erabiltzen da noren kasuaren ostean

    • Esan duzunaren arabera...
    • Horren arabera...
    • Ikusten dudanaren arabera...
    • Eguraldiaren arabera...

    8. Baldintzazko perpausak

    Baldintzazko perpausak, izenak adierazten duen bezala, esaldi nagusiak esaten duena gertatzeko baldintza bat bete behar dela adierazten du

    BA-

    Euskeraz, baldintzazko perpausak egiteko, aditz laguntzaileari -ba aurrizkia jarri behar zaio. Ikus dezagun zenbait adibide:

    • Kontuz ez bazabiltza, jausi egingo zara > Si no andas con cuidado, te vas a caer.
    • Berak ondo egin bazuen, nik askoz hobeto >. Si ella lo hizo bien, yo mucho mejor

    Ezezko esaldietan, aditz nagusia ez partikularen aurrean jartzen da. Hau esaldi subordinatu gehienetan gertatzen da

    • Ohea egiten ez baduzu, ez zara etxetik irtengo > Si no haces la cama, no saldrás de casa.
    • Ez baduzu ohea egiten, ... Kontuz! ordena hau desegokia da

    -(E)Z GERO


    Egitura hau baiezko esaldietan erabiltzen da soilik. Ez da erabiltzen aditz laguntzailearekin eta partitzipioari (egin, ibili, hartu...) -(e)Z GERO eransten zaio.

    • Ahal izanEZ GERO, esango diot. > Si puedo, se lo diré
    • Hau baztertuZ GERO, besteak oso ondo daude. > Quitando ésta, las otras están muy bien.
    • Lana edukiZ GERO, erosiko nuke > De tener dinero, lo comparía

    Kontuz, ez nahaztu "-z gero" baldintzazko egitura "-nez gero" kausazko egiturarekin.


    EZEAN / EZIK


    Egitura hau ezezko esaldiak egiteko erabiltzen da soilik. Ez da erabiltzen aditz laguntzailearekin, partitzipioarekin baizik.

    • Asmatu EZEAN, berriro jokatu, hurrengoan asmatuko duzu eta > En caso de no acertar, juega otra vez, que acertarás a la próxima.
    • Beharrezkoa izan EZEAN, hobe da etzirako uztea > De no ser necesario, es mejor dejarlo para pasado mañana.
    • Trenik egon EZIK, oinez joango naiz > En caso de no haber trenes, iré a pie.
    • Ziur egon EZIK, ez esan ezer, badaezpada ere > En caso de no estar seguro, no digas nada, por si acaso.

    -T(Z)EKOTAN


    Egitura hau -T(Z)EKO kasuTAN egituratik dator

    • Kontatuko dizut, baina inori ez esaTEKOTAN. > Te lo contaré, si no se lo dices a nadie.
    • EgiTEKOTAN, neure modura egingo dut. > De hacerlo, lo haré a mi manera
    • Gera zaitezke, baina zaratarik ez ateraTZEKOTAN. > Te puedes quedar si no haces ruido.
    • JoaTEKOTAN, autoz joan beharko dugu. > En caso de ir, iríamos en coche.


    -T(Z)EKOTAN eta -(E)Z GERO ez dira berdinak

    1. diferentzia:


    -z gero baiezko esaldietan erabiltzen da bakarrik, inoiz ez ezezkoetan.
    -t(z)ekotan ezezko esaldietan zein baiezkoetan erabiltzen da.

    2. diferentzia:


    Horretaz aparte, oso antzekoak dira, baina haien artean badago diferentzia bat, azaltzeko oso erraza ez dena. "-z gero" baldintzazko perpaus arrunta da, baina "-tzekotan" egiturak, inplizituki, "bestela ez" edo antzeko zerbait adierazten du. Hona hemen zenbait adibide:

    • Txarrura edukiz gero, mendira eramango nuke. Si tuviera perro, lo llevaría al monte. Hau baldintza normala da.
    • Txakurra erostekotan, arra erosiko nuke. De comprar perro, lo compraría macho. Hemen inplizituki dago "eta arra ez bada, ez dut txakurrik erosiko".

    Beraz, zehaztasun hori, "eta bestela ez", sartu nahi dugunean, "-tzekotan" erabili behar dugu. Ikusi adibide hau:

    • Inora joatekotan, baserrira joango nitzateke, bestela ez naiz etxetik aterako (De ir a algún sitio, iría al caserío; sino ni me muevo de casa)
    • Baserrira joanez gero, ogitartekoak eraman ditzakegu. (De ir al caserio, podemos llevar bocadillos). Proposamen bat egiten dut, baina ez dut esan nahi "bestela ez gara joango".

    8.1. Ariketak

    • 1. Baldintzazko adizkiak bihurtu
    • 2. Baldintzazko perpausak: berridazketak
    • 3. Baldintzazko perpausak: berridazketak
    • 4. Baldintzazko perpausak: berridazketak